Nikolas Ormaetxea «Orixe»

 

TORMESKO ITSU-MUTILLA

 

 

 

 

Fitxategi hau “liburu-e” bildumako alea da,
liburu elektronikoen irakurgailurako prestatua.
 
Liburu gehiago eskuratzeko:
             
http://armiarma.com/liburu-e

 

 

 

 

 

Iturria: Tormes'ko itsu-mutila, Nikolas Ormaetxea Orixe. Verdes Atxirika, 1929

 

http://klasikoak.armiarma.com/

 

Egileari buruzko informazioa:

       http://zubitegia.armiarma.com/egileak/00231.htm

 

 

Arturo Campion Yaun

bizien artean

euskalzalerik zaarrenari,

egilleak

opari apur au

biotzez eskeinten deutso.

 

 

ITZAURREA

 

       Ondo deritxot, onen gauza ezaugarriak eta, urrian, iñoz entzun ez ta ikusi ezak askori adierazotea, ta ez aiztu-obian lurperatzea; ba leike bada, norbaitek irakurriz atsegiñ artzea, ta irakurgai sakon-bila ez dabizanai atsegiñ oemotea. Ari ontara diño Pliniok, ez dala libururik, txarrenik bere, zerbait onik ez dabenik; izan bere, nok bere agoa izaten dau ta. Batak yan gura ez dabenera, bestea itoa da, ta orobat osterantzeko gauzetan. Olan adierazoten deusku Pliniok, ezer ez daitela apurtu, ez txarto artu, oso iguingarri izan ezik; eta kaltegarri ezpada, ta ezer onik atara ba leike, azaltzeko.

       Osterantzean oso gitxik idatziko leukie bakarrarentzat, neke litzake bada; ta lana egin daben ezkero, saria gura dabe, ez dirutan, euren lanak ikusiz eta irakurriz baiño; eta merezi ba dabe, izena aitatuz. Augaitik diño Tuliok: «ospeak sortzen dauz eder-lanak». Nork uste, lenen-maillan doan gudariari bizitza iguingarriago yakola? Ez beintzat; izen-gureak daroa arriskura. Orobat yazoten da idazti ta eder-lanetan. Praille letraduak itzaldietan ondo ba diardu, ta arimen ona gura ba dau, Asarratuko al da egundoko ederto diardu berorrek esaten ba deutsoe? Alako yaun batek zaldi-guduka barregarria egin eban, eta barritxuari gudu-yantzia omon eutson, guztiz ondo egin ebala esan eutsolako. Zer emongo, egia izan balitz?

       Eta onan da guztia. Ni auzokoak baiño obea enazala autortuaz, etxat damutuko mordolloki idatziriko uskeri onetaz, irakurle guztiei atsegiten ba deutse, gizon bat olango zorion-zoritxarretan bizi izan dala ikusita.

       Artu begi, arren, yauna, eskiñi urri au, nire guraria al-izateaz bardin balitz, aberatsagoa litzake ta. Eta berorrek luzaro yarduteko idazten deustan ezkero, erditik ez baiño asieratik ekingo deutsot, nire ezaguera zeatza izan dagian. Ganera, yatorriz aiton-seme diranak, gomuta begie ze gitxi zor yakeen, zoria euren alde atara zalako; ta asko geiago egin ebela, zori etsaia izan arren, euren ganora zala bide, arraunka legorrera onez urten ebenak.

 

 

LELENGO YARDUNA

Lazaroren bizimodua; noren semea zan

 

       Yakin begi bada aurrenik, ni Tormesko Lazaro naritxeela, Tome Gonzalezen eta Antonia Perezen semea, Salamancako Tejares deritxon goierri batekoak biok. Ni Tormes ibaian barruan yaio nintzan eta augaitik naritxee gatx-izenez Tormes. Nere yaiotza olan izan zan. Nire aita, Yainkoak parkatu begio, ibai aren ertzean dagon bolu edo errota baten errotari izan zan amabost urtez, eta astaria gertuteko biargintza eukon. Nire ama neu sabelean azur nenduala, sein-miñak artu eban eta an erditu nindun: beaz esan dagiket ibai-erdian sortua nazala.

       Ara bada, zortzi urteko nintzala, nire aitari bota eutsoen, errotara zetozanen zaku-saietsetan zan-ebaketa batzuk egin ebazala, ta augaitik preso artu eben. Autortu eban eta ez eban ukatu, ta zuzentasunagaitik larrialdiak igaro ebazan. Gure Yainkoak zeruan izango al dau, Ebangelioan olangoak zorioneko izentau oi dira ta. Garai atan moroen aurka gudari-talde bat gertu zan, eta nire aita eurekaz yoan zan. Bitartean atzerriraturik egon zan, zan-ebaketagaitik, eta ango erriko nagosi baten mandazain zintzo zala, il zan gizagaxua.

       Nire ama alargunak, laguntza bagarik bere burua ikusita, jente onagana batutea erabagi eban, euretako bat izateko. Urira etorri zan bizitzera ta etxe bat alogeratu eban, eta ikastun batzuei yatekoa onduten asi zan, eta Magdalenako komendadorearen zaldizain batzuen yaatziak garbietan. Kortarik korta ebillela, alango zaldi-zain baltz bategaz ezaguera artu eban. Au noz edo noz etorten zan gure etxera, ta goizean aldegiten eban. Beste batzuetan egunez etorri oi zan, arrautzak erosteko txutxuagaz, eta etxean sartu oi zan. Nik aurrenetik bildur neutson kolore ta egite zatarra ebazalako: baño a etorriagaz, bazkari obea zan etxean, eta maite artuten asi nintzan, ogia ta okelea, ta neguan berotuteko egurra edo zeozer beti ekarten ebalako. Ostatua ta autueta zala-ta, nire amak sein baltx bat ekarri eban. Agaz olgetan eta beroketan ebilten nintzan. Beinola, nire aita-orde baltzak morroxkuagaz lanean iñarduela, morroxkuak ama ta ni zuriak gintzazala ta bera baltza zala ikustean, aitagandik iges egiten eban, eta atzagaz erakutsita iñoan: ama «momua» Erantzun eban aitak: dollorkumea!

       Ni, gaztetxua izanik bere, oartu nintzan anaitxuari esan eutson itzaz, eta esan neban nire artean zenbat ete dira munduan bestegandik iges dabizanak, euren buruak ikusten ez dabezalako.

       Zorionez, Zayde eritxon yaun aren izketa, mutil-nagosiaren balarrietara eldu zan, eta ondo azterturik, oartu eben, zaldizkoentzat emoten eutsoen garagarratik, erdits bat lapurtu egiten ebala;baita zai ta egur ta txarrantx burusi ta isara, galdu ebazalakoa egin oi eban, eta besterik ez ebanean, zaldizkoai perrak kenduten eutsezan. Olan lagunduten eutson nire amari, nire anaitxua azten.

       Abade ta praille, batak txiroai ostuten deutse, ta besteak etxetik atsotxuentzat ataraten dabe. Ez gaitezan bada arritu, otsein oneri maitasunak eragiten eutsolako.

       Geiago be egiten ebala agertu zan. Niri zemaika itanduten eusteen eta nik umetxu onek, bildurrez dana aitortuten neban, baita zelan perra batzuk saldu neutsozan sugille bati, nire amak aginduta.

       Nire aita-orde gizagaxua, zigorkatu ta esegi egin eben, eta amari epai-aginduz ori diran eun zigorkadak emonda agindu eutsoen, sekula etzeitela sartu komendadorearen etxean, eta Zayde, ondo yorratua, etzegiela etxean artu.

       Pertzaren atzetik sokea ez botatearren gaxoak epaia bete eban, nekez ba da bere. Ta gal-zoria aldendutearren, eta esabiderik ez emotearren, Solana yatetxean bizi ziranen ogipeko sartu zan. An, gorriak ikusiz, azi zan nire anaitxua oiñez asi arte, ta ni bere an garatu nintzan, etxeko arrotzei ardau ta argizari ta agintzen eusteena ekarteko gauza nintzan arte.

       Beiñola, arrotz-etxe onetara itsu bat eldu zan, eta ni aren aurrekotzat aukerakoa nintzalakoan, eskatu ninduan, eta amak agindu egin eutson, gizon on baten semea nintzala, Gelveetan siñistea goratzearren galdu zala, ta ni enitzala gaiztoagoa izango Yainkoak onez, eta arren, ondo yardun nengiela ta zaindu nengiela, umezurtza nintzalako. Baietz agindu eban, eta mutiltzako ez baña semetako artzen ninduela, nagosi barri zar aren otsein eta itsu-aurrekotzat.

       Egun batzuk Salamancan eginda, nire nagosiak naikua irabazten ez ebalakoan, andik aldegitea erabagi eban, eta aldegitekoan, ni ama ikusten yoan nintzan, eta biok negarrez giñarduela, bedeikapena emonez esan eustan:

       «Seme, ez aut geiago ikusiko. Ona izan adi, ta Yainkoak ondo auala. Azi aut eta nagosi onaren otsein itzi: zintzoa izan».

       Eta nogisiagana yoan nintzan: nire begira egoan.

       Urten gendun Salamancatik, eta zubira eldu giñanean, sarreran arrizko alimali bat dago, zezena lakoa. Itsuak agindu eustan urreratuteko, ta ara nintzanean esan eustan: «Lazaro, belarria ezarri egik zezen orrengana, ta barruan zarata aundia entzungo dok».

       Nik alan egin neban, egia zalakoan. Burua arri-ondoan neukola itsua oartu zanean, eskuagaz gogor elduta egundoko kaskarrekoa emon eustan, zezen deabruagaz. Iru egun eta geiagoko oñazea izan neban eta esan eustan: «Zoroa, ikasi egik: itsu-aurrekoak deabruak baño apur bat geitxuago yakin bear dok».

       Eta barre egin eban, gogoz.

       Orduantxe iduri yatan nire kokotasunetik atara nintzala, aurtxua lez lo egonda. Esan neban neure artean:

       Egia diño onek, begia zoli eukitea komeni yatala ta gertu egotea, bakarra naz bada, ta kontuak atara bear dodaz.

       Ekin geuntson bideari ta egun gitxi barru irakatsi eustan gitanu-berbetia. Ta ni buru-zolia nintzala ikusita atsegiñ andia artu eban eta iñoan:

       «Nik urrerik ez zidarrik ezin emon dagikeat, baña bizi-modurako argibideak bai asko».

       Ta alan izan be. Yainkoaren urrena onek emon eustan bizia, ta itsu izanik argi egin eustan eta trebetu nindun bizibidean.

       Umekeri auek adierazoten deutsodaz berorreri, yakin dagian, ontasun andia dala gizon bat apala izanik igotea, ta goien egonik, zer oker dan beeratutea.

       Itsu gizagaxoari gagozala, yakin begi berorrek, Yainkoak mundua egin ebanetik ez ebala alako ume azeririk egin. Bere biargintzan arrano-begia eban. Eun eta geiago otoitz, buruz ekizan. Azpi-azpitik, astiro, ta ozen errezetan eban, Elexa osoa dardar eragiala. Aurpegi apal eta elizkoia; otoitz egiten ebanean ez eban kiñurik eta mosu-okertzerik egiten beste zeinbatzuek lez.

       Onetzaz ganera ba ebazan beste milla aldderdi, dirua atarateko. Oraziño asko omen ekizan gauz askotako: erdi ezin ziran andreentzat, seingiñean ziarduenentzat; gaizki ezkonduentzat, senarrak maite izan zegizen. Seindunai igarkizuna esaten eutsen, semea ala alabea ete eben barruan.

       Osagillezkoan, Galenok be, berak eutsonez, ez omen ekian berak adin bat, zorabioetan eta ama-gaitzetan. Azkenik, nok ze gaitz eban, bertan asmatu oi eutson:

       «Au egizu, beste au egizu, olango bedar artu izu».

       Oinbestez, mundu guzia aren atzetik ebillen, batez be andrazkoak, eta arek esanala egin egiten eben. Andrazkoengandik onura andiak ataraten ebazan, eta ilebetean geiago irabazten eban, eun itsuk urtebetean baño.

       Yakin begi berorrek, oinbeste diru bilduta bere, enebala ikusi sekula aen gizon zikoitzik eta zuurrik. Beti goseak ilten nendukan eta bear nebanaren erdirik bere ezeustan emoten. Egia, nire maltzurkeri ta azerikeria lagun izan ezpaneu, askotan il nindun goseak. bere yakite ta zuurtasun eta guzti, azpi-yana egiten neutson, arik eta zatirik obeena beti edo geienetan neuganatzeraiño. Onetarako deabrukeri batzuk egiten neutsozan, ez oso neke baga. Batzuk kontauko deutsudaz.

       Eun-zorro batean ekazan ogi ta ganerako, ta zorro orren aboa burni-ustai bategaz itxiten zan eta zildiz eta giltzagaz. Gauzak sartu-atara egitean aen arduraz iñarduen eta banan banan, ezpaitzan munduan gizonik, apur bat kenduko eutsonik. Niri emoten eustan uskeria, bi ozkadatan iruntsiten neban.

       Zorro-zilda itxiten ebanean eta aztuten yakonean, ni bestetara adi nengoalakoan, zorroak eukon yoskura batetik (berak sarri yosi ta urratu ei eban yoskuretik) odolustuten neban zorro zikoitz a, ogi ta urdai ta lukainka-zati ederrak atareaz. Eta itsu gaiztoaren zuloa bardinduten alegiña egiten neban.

       Imurtxi ta lapurtu al zegikena, txuri-erdietan eroian, eta errezetako aginduta, txuria emoten eutsoenenan, itsua baitzan, emoten eutsonak kiñu egiterako, nik aboan barruan sartzen neban, eta txuri-erdia gerturik neukon, arek eskua luzatu baño len, ordez emoteko. Espaz egoan itsu gaiztoa, ikutu utsez ezagutzen eban txuri osoa etzala-ta. Iñoan: «ze deabru dok au? nigaz abillen ezkero ezeusteek emoten txuri-erdirik baño, ta len txuri osoa ta marabiri bat askotan emoten eusteen. Ire errua ei dok».

       Berak ere otoitza laburtu egiten eban eta erditaraiño be ez eban esaten. Agindu eustan, dirua omoten eutsonak aldegiten ebanean, soñeko ertzetik tiretako. Nik alan egiten neban. Eta gero oiuka iñoan: «Alako ta olako otoitz egiteko diñoe».

       Alboan ardau-pitxar bat euki oi eban bazkaltzekoan. Nik elduten neutson arin, eta bi mosu ixil emon-ostean, bere tokian izten neban. Ez luzaro. Edatean ezagutu eban palta zala, ta bere ardaua seguru gordeteko pitxarrari belarritik eusten eutson, beiñere itzi baga. Burdin-biziak eztau ezer bereganatzen, neuk lasto-izpi bategaz ardau a baizen ondo. Sartuten neban pitxarra aboan eta itzungi egiten neban pitxarra, gabon esanda. Baña aen maltzurra ta azeria zan, oartu edo zan, eta aurrera asmua aldatu egin eban, eta ankartean imiñi eban eta eskuaz tapetan eban, eta alan nasai edaten.

       Ni ardauari yarria nengoan eta itotzen nengoan ardau-gura. Lasto-izpiaz ezin baliatuta pitxarrari zulo estu bat egiteko asmua artu neban, eta polito polito argizari-ttalo me-meaz itsututea, ta bazkal-orduan, otzak nengoala-ta, sartzen nitzaion ankartean, zu apurraren ondoan berotzeko. Argizari apurra urtuten zan beroaren beroz, eta asten zan iturritxua tantaka nire abora, aratean neukola, ta on dakiola galtzen zan tantari! Gizagaxuak edaten yoianean, pitxar utsa aurkitzen eban.

       Arritzen zan, biraoka asten zan, gaitzesten ebazan pitxarra ta ardaua, zer izan legikean yakin barik.

       «Ez esan, osaba, nik edaten dodanik, nirautson, eskutik eztozu izten-da».

       Eskuetan itzuli ta irauli ta aztamu, atzenik aurkitu eban iturria, ta ezagutu eban nire iseka; baña ez-ezagunena egin eban.

       Biaramonean, nire pitxarra edoskitzen niarduela, ze gaitz etorriko yatan uste barik, eta itsu gaiztoak sentizen ez nindualakoan, yazarri nintzan, beti lez, tanta areik biltzen nebazala, arpegia zerura begira, begiak erdi-itxiak gustu obea artzearren. Orduantxe nigandik aserrekundea artu bear ebala otu yakon itsu gaiztoari, ta bere indar guztiaz, bi eskuekaz pitxar goxo ta garratz a goratzen ebala yaurti eustan abora indar guztiz. Lazaro gizagaxua ardura barik nasai egoan alangorik bururatu baga, ta oraingoan zerua ta izartalde guztia nigana yausi zala iduri yatan.

       Alako kaskatako ta alako pitxar-kaldiak kordebaga itzi nindun. Pitxar-puskak aurpegian sartu yatazan toki askotatik, eta aginak apurtu eustazan. Ordu ezketiño, ain barik nago. Andik aurrera gorroto artu neutson itsuari, ta maite ba ninduan bere, ta atsegin eta losentxa egiten ba eustan bere, ezagun zan neure ezbear gogorraz poztu zala. Ardauz egin eustan arpegiko osaketa, eta barreka iñoan:

       Zer deritxok Lazaro? Gaitz egin yeutseanak berak «osatuten au». Eta olango ateraldiak ebazan, ez nire atsegiñekoak.

       Nire odoleri ta zigorralditik osatutxu nintzanean, alango takateko gitxigaz itsuak galduko ninduala ta, neuk bera galdutea asmau neban. Baña astiro artu neban eginkizun ori, seguruago egitearren. Nik biotza ibitu nai ta pitxar-kaldia parkatu nai ta bere, ezin negiken, itsu gaiztoak andik aurrera emoten eustan yardunaz. Zio barik, niri kaskarrekoka ta ule-tiraka ziarduen. Eta norbaitek esaten ba eutson zegaitik alan yokatzen zan nigaz, berelaxe kontetan eutson pitxarrarena.

       «Uste al dozu, mutil au kokoren bat dala? Deabruak bere, asmauko ote leuke olango egiterik?».

       Entzuten ebenak ziñatuta iñoen: «nok usteko eban mutiltxu orrek olako txarkeria egingo ebanik?» Eta barreka iñoen:

       «Zigorra, zigorra orri, Yainkoak ordainduko deutsu-ta». —Berak ez eban besterik egiten.

       Nik ostera, biderik txarrenetatik neroian berariz, gaitz egitearren: arririk ba zan, areeen erditik, lokatzik ba zan, andienetik. Ni sikuenetik ezpaniñoian bere, gurago neban neure begi bat galdu, bapere ez ebanari biak galtzearren. Augaitik makilla-muturragaz ikutzen nindun aldioro garondoan, eta berau kankailuz beterik eta soildurik neukon aren atzamarraz. Nik zin egiten neutson, enebala gaiztakeriz egiten, bide obea aurkitzearren baño, ta ezeustan siñisten, eta ezeustan balio. Alako sena ta adimena eban maltzur arek.

       Eta aren buru-zolitasun noragiñokoa zan berorrek ikusi dagian, kontatuko deutsot yazotako bat. Beste askoren artean orrek adiarazoko deutso aren maltzurkeria. Salamankatik urten gendunean, Toledorako asmua artu eban. Ango jentea aberatsena zala iñoan, emole ona ezpazan bere. Esan zarrari egoin: Billuziak baño gogorrak geiago emoten dau. Biderik obeenetatik eldu giñan ara. Abegi ona ta irabazi ona egoan lekuan an geratzen giñan, ta ez eguan lekuan irugarren egunerako ango bearrak egiten genduzan.

       Almoroz deritxan toki batera eldu giñanean, maats-batzen ziarduen, eta maats-batzale batek mordo bat emon eutson limosnatzat. Aro artan otarruak etendurik baitagoz, eta maatsa elduegia egoalako, eskuetan aletuten zan; zorroan sartzerako mustio biurtuten zan, bertara sartzen ba zan.

       Oturuntza bat egitea gogora yakon, berak mats-mordoa ezin eroan ebalako, ta niri atsegin emoteko: egun artan belaunkada asko emon eustazan bada, ta ukaldi asko. Yezarri giñan bada esi-albo batean, eta esan eustan:

       «Oraintxe zabal yokatu bear ddoat igaz: biok yan bear ddoagu mats-mordo au, eta nik beste ik. Onelan banatuko ddoagu. Ik zimiko bat egingo ddeutsok mordoari, ta nik beste bat, baña agindu bear deustak garau bat baño geiago ez dokala yaulkiko. Neuk bere ori egingo ddoat, eta onelan etxagok amarrurik».

       Itun au eginda asi giñan, baña bigarren eldu-aldian asmua aldatu eban azeri arek, eta binaka asi zan, neuk bere ori egiten nebalakoan. Berak itza yan eban ezkero, ni enintzan asetuten beste ainbeste egiteaz, eta areago egiten neban: binaka ta irunaka garauak yaten nebazan, al neban lez. Mordoa amaitutakoan, egon zan alditxu batez zuztarra eskuan ebala, ta buruari eragiñez esan eban:

       «Lazaro, atzipetu egin nok. Egingo neukek, garauak irunaka yan dokazala. Ez yauna, esan neban nik. zegaitik artu dozu iduritu ori?».

       Itsu zoliak erantzun eban: «Ba dakik zetan usmatu dodan irunaka iñardukala? Nik binaka yanda ixilik engoialako».

       Barre egin neban neure artean, eta gaztetxua izanarren, gogoan artu neban itsuaren gogoeta.

       Luzatuko ba naz bere, yalkiko dodaz yazo yatazan gauza atsegin eta yakingarri batzuk, eta azken-agurra esanda amaituko dot lelengo nagosi onekikoa.

       Escalonan arrotzetxe baten gengozala, lukainka-zati bat emon eustan erretzeko. Lukainka koipatu zanean, eta koipe-zerrak yan ebazanean, atara eban sakelatik marabiri bat, eta aren ardau-eske bialdu nindun ardandegira.

       Deabruak begien aurrean ipiñi eustan eretia: onek egiten dau, diñoenez, lapurra. An egoan sute-alboan arbitxo bat, txikarra, luxanga ta galdua, lapikorako balio ezta ara yaurti edo ebena.

       Bi biok gengozan orduan, eta niri lukainka-usain goxua barruan sartu yatan, usaiña bakarra miaztauko ba neban bere. Zer yazoko zan yaramon egin bagarik, nire guraria betetako, bildurra yaurtita, itsuak sakelatik dirua ataraten eban bitartean, atara neban arin burdintzitik lukainka ta arbitxua sartu aren ordez.

       Nagosia, niri dirua emonda, asi zan burduntzia biraka, balio ezta, egosia izatetik igesegin eban arbitxua sutan erretzen.

       Ardautan nintzala, berela iruntsi neban lukainka, ta etorri nintzanean, itsu arranoak arbi xoxtorra bi ogi-xerra-tartean estuturik eukon. Ez eban ezagutu, eskuz aztatu ez ebalako. Asi zan xerrairi ozka egiten, euren artean lukainka topauko ebalakoan, eta barrura eldu zanean arbi otzak otzikara emon eutson. Asarreturik esan eban.

       Zer dok au Lazarotxu?

       Ai ene errukarria, esan neban. Niri egotzi gura deustazu? Ez al nator ni ardautatik? Norbait edo egoan or, eta zuri iseka egitearren egin edo dau.

       «Eztok, esan eban, nik etxuak burduntzia eskutik itzi: ori eziña dok».

       Ni zinka ta biraoka asi nintzan, enebala alako aldakuntzarik egin. Baña gitxi balio izan eustan; itsu madarikatu arentzat etzan iñun izkuturik. Yaiki zan eta eldu eustan burutik, eta usaiña artu eustan. Eta txakur onak lez arnasa aitu ebanean, ziurrago geratutearren, ekarran arnas-larriagaz esku biekaz elduta zabaltzen eustan agoa bear baño geiago, ta surra sartzen eustan neurribaga. Luzea ta zorrotza eban eta asarreagaz arra bete luzeagotu yakon. Muxturragaz gingilla ikutu eustan, eta augaitik, eta bildurraren, eta oindiño lukainka baltza urdaillean ondo ezarri etzalako, ta batez bere, sur bete-betearen aztamuagaz, erdi-ito ninduala, gauz oneik guztiak zirala bide, agertu zan nire egiña, ta berea itzuli yakon yaubeari. Beraz, itsu gaiztoak nire abotik bere tronpia atara baiño lenago, nire urdailla nastu zan, arik eta lapurretakoak surra aurkitu neban arte. Beaz, aren surrak eta nire lukainka-muttur txikitu-bagakoak batean urten eben nire abotik.

       Yaungoikua! lurpean egon banendi! illik nengoan da. Itsu gaizto aren asarrea! Zarata entzunda etorri ezpalira, bizia kenduko eustan. Atara ninduen aren eskuetatik arpegia ta zamea ta eztarria atzamarzaturik, eta neuzkan ule-apurrak eskuetan izten neutsozala. Ondo egin eben eta merezi eban, gaizto arek, niri ekarri eustazan ezbearrengaitik.

       Itsu gaiztoak, geugana etozan guztiei kontetan eutsezan nire okerrak bein da barriro: pitxarrarena ta mas-mordoarena ta oraingoa. Euren barre-zantzoetara kaleko jente guztia ara batzen zan. Ainbat gatz eta ozpiañagaz kontetan ebazan itsuak nire egiteak;ni ain ondatua ta negarrez egonda bere, bidegabe egiten neutsola iduri yatan barre ez egiteaz.

       Au yazo-bitartean, aulkeri bat etorri yatan burura: itsu gizagaxoa surrik baga ez itzi izatea, alako ereti ona izanda. bide erdia-egiñik euki neban ortarako:  agiñak estutzea asko neban beragaz etxean geratzeko. Ta donge arena zalako, urrian idukiko eban nire urdallak lukainkea baiño luzaroago, ta surra agertu ezik, ukatu negiken auzian. Oba neban egin ba neu! Gaitzerdi zeiken.

       Adiskidetu nintzan ostatuko ugazaba andreagaz, ta an egozanak, edateko ekarri neban ardoagaz arpegia garbitu eusteen eta eztarria. Onezaz itsuak ateratan ebazan ateraldi politak: «egitan, nik bi urtetan edan baiño, mutil orrek ardau geiago gastetan dik urte baten aurpegi-garbietan». «Lazaro, ardauari aitari baiño zor geiago deutsok; arek bein emon yeutxean izatea ta ardoak millakatan».

       Eta gero kontetan eban zenbat bidar apurtu eustan garondoa ta atzamarkatu eustan arpegia, ta zelan osatu oi nintzan ardauagaz.

       «Nik diñoiat, iñoan, munduan iñor ardauagaz zorioneko izate ezkero i izango az».

       Eta barreka iñarduen niri arpegia garbitzen, ni marmarika ba nengoan bere. Baña itsuaren igarkizuna etzan guzurra atara, ta askotan gomutetan dot ordutik ona. Nunbait igarle-atsa eban, eta damutu yatan emon neutsozan atsekabeetaz, au ta guzti bere, ondo ordaindu neutson, egun artan esan ebana, berorrrek ikusiko daben baizen egia atara yatalako.

       Oneik olan da, itsu gaiztoak egiten eustazan isekaengaitik, guztiz a iztea erabagi neban. Lendanik gogoan nekarran, eta atzenean egin eustan yoku onegaz, sendoago erabagi neban.

       Biaramonean urten gendun urira, eskera, ta gau atan euri andia egin eban. Egunez bere euria zan, eta erri atako legorpe batean errezetan iñarduen, eta an egon giñan busti barik. Illuntzean atertzen ez ebala ikusita, esan eustan:

       «Lazaro: euri au setatsu ddagok, eta illuntzera ta gogorrago. Goazen ostatura garaiz».

       Ara yoateko erreka bat igaro bear gendun. Euri-yasagaz aundia yoian. Nik esan neutson: «Osaba, erreka zabal doia. Gura ba dozu, ba dakit nondik igaro busti barik, arako atan asko medartzen da ta: oin-legor igaroko gara».

       Ondo iduri yakon, eta esan eustan:

       «Zurra az, orregaitik maite aut. Eroan nagik erreka medartzen dan leku ortara. Orain negu dok eta etxagok atsegin oin bustiakaz ibilten».

       Nik neure gogoko eretia ikustean, eroan neban legorpetik, zeiean egoan arri-mutil baten buruz buru. Arri-oin orrek, etxe batzuen egats-urtenak artzen ebazan. Esan neutson: «Osaba, au da errekaren lekurik medarrena».

       Euria goien bean iñarduen, eta gizagaxua lar bustitzen zan. Lepora etorkigun euriagaz uretatik urteteko gogoz, eta batez bere, garai atan Yainkoak adimena itsutu eutsolako (niri ordainbidea emoteagaitik) siñistu eban eta esan eban:

       «Ipiñi nagik artez eta egik yauzi aurrena». Nik ipiñi neban arrimutillari buruz buru, ta yauzi eginda, arri-mutillaren ostetik yarri nintzan zezen-talkaren begira bainegon.

       «Eup, yauzi egizu alegin guztian onantzako bazterrera eldu zaitezan».

       Nik au esaterako, itsu gizagajoak akerra lez abiada artuta, yo eban buruz arri-mutilla, kuia balitz lez, eta yausi zan atzerantza erdi-ilik, burua lertuta.

       «Zelan artu zenduan lukainkaren usaiña, ta ez arri-mutillarena? To, to, esan neutson».

       Bertan itzi neban, erritik yoan zitzakion jente-talde baten erdian. Karrakan atara nintzan uriko atetik, eta ilundu baño len Torrijosera eldu nintzan. Eneban yakin geiago ta ez yakin nai bere, yainkoak aregaz zer egin eban.

 

 

BIGARREN YARDUNA

LAZARORI ABADE BETEN MENPEAN YAZO YAKONA

 

       Biaramonean, an nasai enengoala ta Makeda deritxoen toki batera yoan nintzan, Bertan eske nenbillala, abade bat topau neban, pekatari onek, eta Meza erasoten ete nekian itandu eustan. Baietz esan neutson, egia zan-da. Elbarritu ba nindun bere, itsu oker arek au irakatsi eustan beste amaika gauzen artean. Abadeak, bere mende artu nindun.

       Odeietik aldegin eta iñusturia topau neban. Itsua zikoiztasun utsa izanik, Alesandro Andia zan onen ondoan. Bein esateko, munduko mixeri guztia barruan eukon, eztakit berez, ala abadegoa zala bide batuta. Kutxa zar bat eban giltzagaz itxia, ta giltz ori galtz-estunetik esegita eroian. Elizatik otlata etorri orduko an sartzen eban arrapaladan eta itxi barriro kutxa. Etxean ez egoan ezer yatekorik, besteetan lez: urdai apur bat ertokian, gaztai apur bat oltxu baten edo armariuan; otzaratxu bat ogi-zati batzukaz. Niri onik egiten ezpaeustan bere, ikusteak poztu egiten ninduala iduri yatan.

       Kipula-korda bat baño ezer ez egoan, eta bera etxearen goenean, giltzez itxiriko gela batean. Lau eguneko naikoa neban kipula oneetako bat. Eske yoateko giltza eskatzen neutsonean, norbait aurrean ba egoan, sartzen eban eskua oker-sakelean eta astiro astiro askatzen eban eta emoten eustan esanaz:«To, ta ekarri egik laster, eta ez yardun mizkaka».

       Giltz aren azpian Valenciako gorde-yaki guztiak bai legozan; untze batetik esegita egozan kipulak baiño egon ezta. Eurak bere, zenbaturik eukozan, eta ni zerbait luzatu banintz, igerriko neutson.

       Goseak ilten nengoan. Ni baiño bere burua maiteago eban. Bost txuriren okelea eban eguneroko bazkari-aparietako. Niri salda emoten eustan, bai; okeletik, begiaren zuria; ogi apur bat, bear nebanaren erdia emon izan baleust!

       Zapatu egunez alderdi oneetan aari-burua yaten da, ta bat-eske bialtzen nindun, iru marabirigaz. Egosten eban eta yaten eutsozan begi, miin, garondo, mun eta masailtarteko aragia, ta azur garbiak emoten eustazan: «To, yan egik, bizi adi, mundua iretzako dok eta. Aita Santua baiño obeto bizi az».

       Oba neukek! esan neban nire artean.

       Abadeagaz iru aste edo neroiazala, zutunik egoteko gauza enintzala geratu nintzan gosearen gosez. Lurpera bidea argi nekusan, Jainkoak eta nire yakiteak atara ezpanindue. Nire zakurkeria nun erabilli eneukon. Zerbait ikusita bere, enegiken itsutu abadea, il ba da Jainkoak barka degion itsu a lez. Maltzurra izanda bere enindun usmatzen begi barik; beste onek ostea iñok baiño begi zoliagoa eban.

       Meza-eskeintzekoan etzan azpillean txuri bat bere yausten a oartu barik. Begi bat jenteari ta bestea nire eskuari eukozan. Begiak aurpegian yauzi egiten eutsoen zidur-bizia bai liran. Eskeinten ebezan xuri guztiak gogoan eukozan. Eta eskeintza amaitutakoan azpilltxua niri kenduta altara-gaiñean ipinten eban.

       Agaz bizi, edo obeto esana, il nintzan bitarte guztian, enintzan txuri baten yaube egin. Ardautegitik eneutson sekula txuri bat ardo ekarri, ta kutxan eukon apurretik neurriz artzen eban eta aste osoan irauten eutson.

       Eta bere zikoiztasuna estaldutearren esaten eustan: «Txo, abadeak yan-edanian gartxu izan bear ddoek, eta nik ez ddoat geiegirik egiten besteak lez».

       Baiña guzurra iñoan zikoitz arek, eleizkizunetan eta illeta-egunetan besteren llepotik otsoak lez yaten eban, eta amorratu batek baiño geiago edaten.

       Illeta aitatu dodan ezkero, Jainkoak barka begit orduan gizatasunaren aurka egon izana, iñoz ez ta. Ondo yaten bai gendun, bada ta, betetan nintzan. Gura neban eta eskatzen neutson Jainkoari, eguneko bat eroan egiela. Eta gaixoai eleizakoak emoten geuntseezanean, bertan dagozanai abadeak errezetako agintzen deutsenean, batez bere ezken-igurtzi edo oliatzean, enintzan ni laburrena otoitz egiten, eta biotz biotzez eskatzen neutson jainkoari, ez noski berari egokion tokira artu egien, esan oi dan lez, baiña eroan egiala mundu onetatik.

       Eta bat edo bat ataraten zanean, Jainkoak barka begit! «deabruak eroango al ddok», milla bidar esaten neban. An egon nintzan arte guztian, sei illabete edo, ogei lagun baiño etziran il, eta eurek nik edo il nebazan, edo zuzenago esateko nire eskabidez il ziran. Iduritzen yat bada, nire gosek-ilte amorratuaren ederrez, Jaunak il egiten ebazala, niri atsegin emotearren. Baiña, neukon gosearen ase-biderik eneban aurkitzen. Norbait lurperatze-egunean bizi ba nintzan, illik etzan egunean, min andiago emoten eustan eguneroko gosetera itzuli-bearrak, betekadaz oituta. Eneban atsegiñik aurkitzen eriotzean baiño, ta neure buruari gura neutson noz edo noz besteai lez; baiña eneban yadisten, beti neugan ba egoan bere.

       Askotan otu yatan nagosi zikoitz arengandik anka egitea; baiño bi gauzek eragozten eusteen. Lelengo, nire zangoen bildurrak, gosez auldurik neukozan-da. Bigarrengo, neure buruari esaten neutsolako: Bi nagosi izan dozak; lelengoak goseak illik itzi induan, eta a itzita beste au topau eban, eta lurpearen ezpaneraiño ekarri naiok. Au itxita okerragoagana yotzen ba dot, zer daukot, iltea baiño?

       Alan bada, mugitzea enitzan azartzen. Ba nekian bada, geroago ta zikoitzagoak topauko nebazala. Ta beerago yo ezkero, Lazarorik etzan aipatu izango munduan.

       Estu-aldi onetan nengoala bada —Jaunak libratu dagizala atatik kristiñau zintzoak— zer egin yakin barik, gero ta okerrago niñoiala ikusita, nire nagosi koitadu, zikoitz eta zurkaitza kanpotik zala, ateetara etorri yatan pezkin edo galdaragille bat. Jainkoak niri bialdutako aingerua edo zan. Zerbait konpontzekorik ba ete neban itandu eustan.

       «Neuronek daukot naikoa konpondu-bearra —esan neutson ixilka, berak entzuten ez ebala— ta ez dozu gitxi egingo konponduten ba nozu».

       Ez egoan astia emoterik «eskerrik asko» esaten, eta Ispiritu Santuz argiturik esan neutson:

       «Osaba, olango giltza galdu yat, eta nagosiaren zigor-bildur naz. Arren bada ikusi eizu zuk daroiazuzan orreetan bai ete dan balio dabenik, ordainduko deutsut eta».

       Pezkiñ aingerutxua asi zan probetan bat eta beste, sail andi batetik, eta nik lagundu egiten neutson otoitz egiñaz. Oarkabean kutxa-barruan Jainkoaren aurpegia ikusten dot ogi-iduritan, esan oi danez. Edegita esan neutson: «Nik eztot dirurik giltzaren ordaiña emoteko, baiña artu-izu ortik ordaiña». Olata bat artu eban, eritxon ederrena, ta niri giltza emonda pozik aldegin eban, ni pozikago itxita.

       Baña eneban ogirik ikutu orduan, nagosia oartu etzeiten, eta ainbeste ondasunen yaube neure burua ikusita, gosea nigaz etzala azartzen iduri yatan. Etorri zan nagosi zikoitza, ta Jainkoak ez eban gura izan aingeruak eroandako olatari begiratzea.

       Biaramonean, a etxetik urteeran, edegi neban neure ogi-zerua, ta atzen eta ortzen tartean artu neban olata bat, eta Jesus bitan iruntsi neban, arduraz kutxea giltzatuta. Asi naiz etxe-garbiketan poz pozik, andik aurrera bide artatik bardinduko nebala neure gosea-ta. Egun a ta biaramona eztitan igaro nebazan. Baiña etzan luzaroko atsegiña, irugarren egunean beroenak (kallentureak) artu nindun-da. Izan bere, ezorduan kutxa-gaiñean ikusi neban goseak ilten nindun a, itzuli ta irauli, ogiak kontetan bein da barriro. Disimuletan neban eta neure otoitz eta eskabide ixilletan niñoan. «Sanjuan, itsutu egizu!»

       Egunak eta atzak luzaro kontetan yardun-da esan eban: Kutxa au arduraz ezpaneuko, norbaitek ogiak ostu deustazala esango neukek, baiña gaurdanik idurituai atea ixtearren, gogoan edukiko dodaz: «bederatzi ta puska bat geratzen dira».

       Beatzak galduko al dozak arraio orrek, esan neban neure artean. Aren esanak eizlari-geziak lez biotza zulatu eustan, eta urdailla goseak atzamarka asi yatan, lengo gose-egunetan neure burua ikusita. Aldegin eban etxetik. Nik poztearren kutxa edegi neban, ta ogia ikustean adoretan asi nintzan, artzen azartu barik. Kontau nebazan, baldin utsegin ete eban, baiña aren kontaketa nik gura baiño egiago yazo zan. Besterik ezin-da nik egin nebana, milla mosu emon ogiai, ta puskari barriz, ebagiaren gaiñetik eta erara kendu neutson exal bat, eta beragaz igaro neban eguna, ez aurrekoa baizen pozkorra.

       Gosea gora yoian, batez bere bi edo iru egun areetan, sabela ogi geiago yaten oitua neukon da. Ill-agiñean nengoan, eta kutxa itxi ta kutxa zabaldu baiño eneban egiten eta Yainkoaren aurpegi ari begiratu, umeak esan oi deben lez. Baiña gaixoai laguntzen deutsen Yaikoak berak gogorarazo eustan estuasunetik urteteko bidetxu bat. Nire artean esan neban.

       «Kutxa au zarra ta andia ta autsia da andik-emetik, zulo txikarrak ba ditu bere. Arratoiak sartuta ogia ozkatzen dabela ikurituko edo yako. Bat osoa ataratea etxat komeni, berelaxe oartuko da ta. Au egin daiteke».

       Ta asi nintzan ogiak apurtuten mai zapi txarpil batzuetara, ta bat artu ta bestea itzi, iru edo lautatik atara neban zertxubait. Gero, goxo-gauza bai litzan yan neban apur bat eta poztu nintzan. Bazkaritara etorrita kutxa idigi ebanean, ikusi eban gaitza, ta nunbait, arratoiak egiñ ebela sinistu eban. Oso yator egozan zuloak, arratoi-antzera egiñak. Begiratu eban kutxa guzia zatirik zati, ta zulotxu batzuk billatu eutsozan, iduritua artzeko lain. Dei egin eustan:

       «Lazaro, begirok ze etsai etorri yakon bart gure ogiari».

       Nik arrituarena egin neban, zer ete zan itaunka.

       «Zer al dok?» esan eban: arratoiak; etxoek ezeri bakean izten. Asi giñan yaten, eta onetan bere, zori ona izan neban, Yainkoak alan nai ta. Eguneroko uskeri a baiño ogi geitxuago egoki yatan. Kutxilluaz kendu eutxon arratoekuntzea zala uste ebana, iñoala:

       «Yan, egik ori, arratoia gauza garbia dot eta». Alantxe, neure eskuen lana, edo zuzenago esateko, atzazalena eguneko yatekoaz batuta, bazkaria amaitu gendun, nik sekula asten ezpaneban bere.

       Gero beste larrialdi bat yazo yatan. Ikusi neban abadea arduraz untzeak ormatik atarata oltxu batzukaz kutxa zar aren zuloak ixten.

       «Yaungoikua! esan neban, zenbat ezbear eta zoritxar ikusteko yaio gara, ta zein laburrak dira, bizitza neketsu ontako atsegiñak! Nik uste neban uste, bide orregaz aldegingo neutsola neure zoritxarrari, ta alai ta pozik nengoan ainbestean. Nere zoritxarrak iratzarri eban nagosi zikoitz au, ta berez zan baiño arduratsuago egin, zikoitza lez, naiko izanik bere; ta kutxaren zuloak ixteagaz nire pozarenak bere itxi ebazan, eta idigi zoritxarrarenak».

       Nik asmu auetan niñarduen bitartean, gure arotz zurrak amaitu eban bere lana ainbat untze ta oltxugaz iñoala:

       «Oraintxe, arratoi yaunak, beste asmorik artu egizue, etxe ontan gizentzerik eztaukozue-ta».

       Etxetik urten ebaneko, banoa lana ikustera, ta kutxa zar zorigaiztoko artan ez eban itzi eltxu bat sartzeko diñako zulorik. Idigi neban nire protxubako giltzagaz ta ikusi nebazan asita zegozan ogi bi edo iruak, nire nagosiak arratoe-ozka zeukiela ta ebagi ebazanak. Euretatik apur bat atara neban oindiño be, arin arin ikutuaz, ezpataketari trebeak lez. Bearra lako irakaslerik ez da-ta, neure burua ainbestekoan beti ikusita, gau ta egun nola biziko, niñarduen nire artean.

       Ta bizi-bide orreik aurkitzeko, goseak argi egiten ei eustan; esana da bada, goseak burua argitu egiten dabela, ta beteak ostera illundu, ta nigan ori gertatzen zan.

       Gau batez lo-galdurik nengoala asmu oneetan (zelan baliatuko ete nintzan kutxa ataz), oartu nintzan nagosia lo egoala. Alako zurrunga ta sur-aizea iñarduen. Jagi nintzan asti-astiro, ta egunez pentsau nebanez, an itzi neban kutxillu zar bat leku yakiñean. Banoia kutxa zarrera, ta argalen egoala ikusi neban lekutik ekin neutson kutxilluaz taratulua bai litzan. Eta ainbeste urtetako kutxa zarra, indarrik ez biotzik ez ebana oso beraturik eta zizkaturik egoana, berela eskuratu yatan eta saietsean zulo eder bat egin neutson nire onerako. Au eginda idigi neban astiro kutxa zauritua, ta esku-ikutzeaz erdituta aurkitu neban ogiari, len esana egin neutson. Alantxe, poztutxuago, kutxa itxita neure lasto-ganera itzuli nintzan, eta an itxedon eta lo apur bat egin neban. Eneban asko egiten; gitxi yanda edo irudi yatan. Izan bere, sasoi atan ezeustan loa galazoten Frantziko erregearen ardureak.

       Biamonean nagosiak ikusi eban nik egiñiko kaltea, ogiarena ta zuloarena, ta asi zan arratoiai biraoka. «Zer ete da au? Oraiñarte eztogu etxe ontan arratorik ikusi!».

       Ta egia ei zan. Iñun etxerik ba da eurentzat debekaturik, a zan noski, ezer yatekorik eztagon tokian ez bai dira batzen. Asi zan barriro untze-billa ta oltxu-billa etxe guzian, zuloa tapetako. Gabeko itxodona-bitartean, yagitzen nintzan eta nire tresnagaz, arek egunez tapatu-ala nik agertu egiten nebazan.

       Aen usu ta ariñ egiten gendulako esan edo da: «atea itxi ta atea idigi». Atzenik, ba irudian, alde batera gendula Peneloperen euna, arek egunez eioten ebana gabez nik urratzen neutson-da. Egun gutxi barru kutxa alako itxurean itzi gendun, zuzen itzegite ezkero kutxa ez baiño antziñako «koraza» aietakoa irudien, ainbat untze-josiaz.

       Ezer aurreratzen ez ebala ikusita, esan eban:

       «Kutxa elbarri, zar, argal onek ez dau arratoientzat balio. Ta olan ba goaz, gordepe barik itziko gaitu. Ta gitxi balio ta bere, oindiño palta egingo deusku, ta iru edo lau errial eralgi bearko dodaz. Biderik onena al da ta, arratoi madarikatu orrei barrundik sagutei bat ezarri bearko deutsegu, beste ezerk eztau balio ta».

       Berela ekarri eban sagutei bat epetan, eta auzokoai gaztae-azal batzuk eskatuta, katua an egoan kutxa-barruan ernai beti. Ez nire damuz. Eneban bear bazi andirik yateko, baiño alan bere pozten nintzan saguteitik atarariko azalakaz, eta eneutson parketan olatari arratoe-marraska.

       Ogia arratoitua ta gaztaia yana ikusita biraoka asten zan, ze arratoi ete zan ezin konturatuz, eta auzokoari itauntzen eutseen zer ziteken; gaztaia yan eta saguteitik atara ta ez geratzea barruan arratoirik eta saguteiaren tranpatxua ez yaustea.

       Gogoratu yakeen auzotarrai ez ei ebala alakorik iñungo arratoiak egiten, noz edo noz yausi barik. Batek esan eutson:

       «Gomutetan dot zure etxean suge bat ibili oi zala ta a edo da. Ta itxura ba dau, luzea baita, ta yana artu dagike, ta oso sartu barik, urten egiten dau tranpatxuaren azpitik».

       Ondo artu eben danak aren esana, ta larritu zan nagosia, ta andik aurrera ez eban lo nasai egiten. Zedenaren otsa gabez entzun-aldioro, sugea irudi yakon kutxa-zura yaten. Berela yagitzen zan, eta, sugearena esan eutsoenean, bururko ondoan eukon makilla bategaz, kutxa gaixoari egundoko makilkadak emoten eutsozan, sugea ikaratuko ebalakoan. Zaratagaz auzokoak itxartzen ziran, eta niri ez eustan lo egiten izten.

       Yoaten zan nire lastoetara ta beraiekaz iraultzen nindun sugea nigana yoaten zalakoan, eta agotz-tartean edo nire estalkian izkutatzen zaiakoan. Esan edo eutsoen, pisti oneek gabez bero billa sein-askaetara yoten ebela umeak ozkatzeko ta galtzeko zorian. Nik geienez lo artu-iduri egiten neban, eta goizean esaten eustan:

       «Mutil, bart eztok ezer usmatu? Sugearen billa ibilli nindukan, eta ire ogepera doala iduri yatak, oso ozperak dozak eta, bero-billa».

       «Ez nagiala ozkatu, niñoan; naiko bildur deutsot».

       Orrela nenbillen oso yagia ta ernai. Suge, edo obeto esan, giza-suge arek ez eukon gabez marraska yarduteko ta kutxara yagitzeko asmurik. Egunez egiten nebazan nire bidealditxuak, bera Eleizan edo errian zan bitartean.

       Kalte orreik ikusi ta nola aldendu yakin ez, gabez ebillen, esan dodanez, zomorroa lez.

       Bildur nintzan, ainbat ardureaz giltza lasto-tartean topauko ete eustan, eta ziurrago egoteagaitik aoan sartzea otu yatan gabez. Izan bere, itsuagaz bizi izan nintzanetik zorro biurturik neukon agoa, ta amabi ta amalau marabiri txuri-erditan iduki oi nebazan barruan, yatekoan be oztopo barik. Bestela enintzan txuri baten yaube itsu madarikatua oartu barik, zizkuak eta yoskureak arakatzen eustazan sarri-ta.

       Esan dodanez, gabero sartzen neban giltza agoan eta alan lo egiten neban nire nagosi sorgiña oartuko zan iruditu barik. Baiña zoritxarra dotorrenean, alperrik da ardurea. Nire patuak edo zuzenago esateko, nire pekatuak egin eben, gau batez lo nengoala giltza agoan zuzen kokatu yatan kanpora begira, ta nik eragiten neban aizea, txulotik ateratzen zan txistuka. Alako txistu-zarata entzun nire nagosiak eta egiñ eban bere artean, txistu a sugearena zala, ta alan irudi bide eban.

       Yagi zan astiro astiro, makilla eskuan ebala, ta sugearen txistu-otsera geldi geldi eldu zan, sugeak usmatu ez egian. Ondora zanean, irudi yakon ni etzunda nengoan lastoetan egoala, bero-billa etorrita. Makilla ondo altzau ta azpian eukolakoan bertan kalitzeko asmuz, indar guztiz emon eustan buruan egundoko maikillkada, ta korde barik itzi ninddun, kaskarra autsita.

       Emon eustala oartu zanean, nire tamala ain andia bide zan, etorri ei zan nigana ta oiuka ta deika neureganatzen alegin ei eban. Eta esku-ikuka asi yatanean, oartu zan odoletan niñoiala, ta ezagutu eban egin eustan kaltea.

       Eriosuar yoan zan argi-billa, ta urreratuta aienaka aurkitu nindun, oindiño giltza agoan neukola, ez bai neban bertan-bera itzi, erdia agerian, txistu egin nebanean neukon edo lez.

       Suge-iltzailleak arrituta begiratu eutson giltzari, ta agotik oso ataraten eustala ikusi eban, berea lako lakoxea zala. Yoan zan probetan eta aurkitu eban sorginkeria. Esan edo eban eiztari gogor ak:

       «Bakea galazoten eusten arratoi-sugeak eta nire ondasuna yaten ebenak aurkitu yoataz».

       Iru egun areitan yazo zanik ezer ez dagiket esan, bale-barruan egon nintzan-da. Baiña gaur kontau dodana, neureganatu nintzanean nagosiari entzuna dot, ak kontetan eutseen luze ta zabal, zatozan guztiei ta.

       Iru egun buru neureganatu nintzan, eta lasto-ganean aurkitu neban neure burua, txaplataz, orioz, eta gantzukariz betea, ta ikaratuta esan neban.

       «Zer da au?».

       Abade ankerrak erantzun eustan:

       «Egitan, arratoi ta sagu galtzailleak eizatu yataz».

       Begiratu neutson neure buruari ta bertan ulertu neban nire gaitza. Orduan sartu zan sorgiñ-atso sendalari bat, eta asi yatan buruko zapiak kentzen eta makill-zauria sendatzen. Korderatu nintzanean poztu ziran eta esan eben:

       «Bereganatu da, ta ez al dau ezer izango Jainkoagaitik».

       An asi ziran barriro nire gaitzak kontetan, eta ni pekatari au negarretan. Au ta guzti bere yaten emon eusteen eta ozta ozta ase nintzan, goseak amorratzen nengoan-da.

       Andik amabost egunera yagitzen asi nintzan eta eriotzetik atara nintzan, ez gosetik baiño.

       Jagi ta biamonean, nagosi yaunak eskutik eldu eustan eta etxetik atara nindun eta esan eustan atarian.

       «Lazaro, gaurdanik eurea az, ez nirea. Billatu egik nagosi bat eta oa Jainkoagaz. Nik etxoat gura i lako morroe zintzorik. Itsu-mutilla izan edo az, iñolaz bere».

       Ta ziñatu nire aurrean deabrua bai neukon, eta etxera sartuta atea itxi eban.

 

 

IRUGARREN YARDUNA

Lazarori ezkutari baten menbean yazo yakona

 

       Onelan, eneukon lekutik indarra atarata, astiro astiro jente on batzuen laguntza-bidez, Toledoko uri entzutetsu onetan aurkitu neban neure burua, ta Jainkoari eskerra, amabost egun buru sendatu yatan zauria. Gaixo nengoan bitartean emoten eusteen limosnatxu bat, baño sendatu nintzanetik danak ekin eusteen:

       «I, gizatxar alper ogi-yalea az. Billatu egik nagosi on bat».

       «Eta nun aurkituko dot, niñoan neure artean, Yainkoak berton sortzen ezpadau, mundua sortu eban lez?».

       «Onela buruetan aterik ate nenbillala, protxu andi barik —maitasunak zerura aldegin eban-da— Yainkoak ezkutari bategaz buru egiñazo eustan kalean, ondotxu yantzia bera, ondo orraztua, ibilkera astitsu ta neurtuagaz». Begiratu geuntson alkarri ta esan eustan:

       «Txo, nagosi billa abil?». —Eta nik. —«Bai yauna». —«Ator ba nire atzetik —esan eustan—, Yainkoak batu au nigaz-ta. Gaur otoiz onen bat egin dok».

       Yarraitu neutson, entzun neutsonagaitik Yainkoari eskerrak emonez, eta iduritu yatan nik bear nebana zala, alako yantzi ta ibilkereaz.

       Goizetik zan irugarren nagosi au topau nebanean. Eroan nindun uri guztia zear. Igaroten genduzan, ogi ta beste yakiak saltzen ziran zeiak. Nik uste ta gura neban, bertan leporatuko eustala zerbait, ordu aukerakoa zan-da bear zanez ornitzeko; baiña tapa-tapa aurrera egiten eban.

       «Ez bide yako atsegin au —esaten neban— eta beste nunbait erosi gura edo dau.

       Olan ibili giñan amakak arte. Orduan eleiz nagosira sartu zan, eta ni atzetik, eta oso gogo beroz entzun ebazan, Meza ta osterantzeko elizkizunak. Guzia amaituta jenteak aldegin ebanean, urten gendun guk bere Eleizatik.

       Kalea bera yo gendun tapa-tapa. Ni, munduan dan pozikena niñoan, yateko-billa ibilli ez giñalako. andizka ornitzen zan gizona edo zala pentsetan neban nagosi barri au, ta bazkaria gerturik edo egoala, nik gura ta bear neban lez.

       Onetan, erlojuak eguerdi-osteko ordu bata yo eban, eta etxe baten aurrera eldu giñan. An lotu zan nire nagosia ta ni agaz, eta kapa-muturra ezker-aldera yaurtiten ebala, giltza bat atara eban besartetik, idigi eban atea, ta etxera sartu giñan. Sarrera estua ta illuna eban, sartzen ziranai bildur emoteko lain; alan bere, barruan atari-argia ba eukon, eta ala-alako etzauntzak.

       Sartu giñaneko, erantzi eban kapea, ta eskuak garbi ete neukozan niri itanduta, iñarrausi ta bilukatu gendun eta an egoan arri-aulki bateko autsari txukun txukun aizeginda, berton ezarri eban. Au eginda yezarri zan aulki-ertzean, eta itaundu eustan luzaro nongoa nintzan eta zelan agertu nintzan uri atan.

       Nik barri emon neutson, nai baiño luzegoa, atarako baiño maia ipintzeko ta lapikuko salda ainbanatzeko garai obea zan da. Alan bere, neure barri emon neutson al neban guzurrik politenagaz, gauz onak esanaz eta txarrak ixilduaz, oneik esateko leku egokia etxatan iduri ta. Oinbestez, itxaron eban apur bat eta laster artu neutson usain txarra, ordu biak ziran bada ta eneutson yangurarik sumatzen, ilda bai legon.

       Ganera atea giltzaz itxia, ta ez goien ez bean ez ageri iñor biziren zantzurik eta urratsik. Ormeak baiño enebazan ikusi; ez aulkirik, ez otaskarik, ez zizallurik ez mairik, ezta arako kutxa zarra lakorik. Sorgiñ-etxea irudian noski. Onetan gengozala, esan eustan.

       «Txo, ezer yan dok?».

       «Ez yauna, berorregaz topo egin dodanean zortzirak etziran da».

       «Nik bada, goiz izan arren, gosaldu nebian, eta zerbait goizetik artzen dodanean, gaberarte olan egoten nok. Al dokan lez iraun egik, gero apalduko ddoagu-ta».

       Yakin begi berorrek, au entzun neutsonean, erori-agian geratu nintzala, goseagaitik baiño areago, zoritxarra ain garbi ikusita. An gogora yatazan barriro nire nekeak, eta negarrari eraso neutson. an gomutau neban, abadearengandik aldegiteko asmua neukonean otu izaten yatana: a zikoitza ta gizatxarra izanik bere, bear ba da okerragoa topauko nebala. Bein esateko, an negar eragiten eustan igaroriko bizitzak, eta etorkizuneko eriotz lasterrak.

       Alan bere, al neban lez, beste egin neban, eta esan neutson: yauna, Yainkoari eskerrak, enaz larregi estutzen yan-guraz. Neure artekoetan eztot aurkitu nirea lako eztarririk, eta oiñarte izan dodazan nagosiak ainzat euki nabe.

       «On-indarra dok ori —esan eustan—, eta orregaitik maiteagoko aut. Asetutea txerrien egiñena dok, eta neurriz yatea gizon prestuena».

       «Ondo yagok! —esan neban niretzako—. Zorigaiztoko sendagaia ta ontasuna aurkitzen dabe nire nagosiak gosean! Jarri naz atal-ondoan eta eskeko ogi-zatiak ataretan asi nintzan kolkotik. Ori ikusi ebanean, esan eustan:

       «Arraietan ona bide dok ogi au». «Ta zelan da ona orain, yauna?» esan neban. «Egietan», esan neban, «nun aurkitu dok? Esku garbiz oratua ete da?». «Eztakit, baiña niri ezteust emoten nazkarik». —«Alan bedi» esan eban nagosi gizagaxuak. Eta ogia agoratuz egundoko ozkadak emoten asi zan, eta ni bestean.

       «Bai goxua dagola» esan eban.

       Eta zer anketatik errena eukon usmatuta, presaka asi nintzan. Oartu nintzan bada, nik baiño lenago amaitu ezkero, lagunduko eustala neure ondarretan. Onelan, biok batera amaitu gendun. Nire nagosia asi zan, paparrean geldituriko ogi-apur apurtxo batzuk eskuekaz iñarrosten. Eta an egoan gelatxu baten sartuta, atara eban pitxar ezpainbako bat, eta edandakoan, eskeñi eustan niri bere. Nik, urtzale-iduri egin da esan neutson:

       «Yauna eztot edaten ardaurik».

       «Ura dok, erantzun eustan, edaik nasai». Artu neban pitxarra, ta edan neban apur bat, nire nekea etzan egarria-ta.

       Onetan ondo giñan gaberarte, ak itaundu ta nik erantzun, al neban lez. Alako baten, sarrarazo nindun pitxarraren gelan, eta esan eustan:

       «Txo, ago or, ikusiko dok zelan egiten dogun ogea, emetik aurrera ogea egiten yakin dagikan». Jarri nintzan mutur batetik eta a bestetik, eta oge baltza egin gendun. Ez eukon egiteko andirik. Seska-esi baten ganean eukon oe-yantzia, illazki baltz baten ganetik. Sarritan garbitu barik egoalako, ez eukon illazkiaren antzik, bear baiño ule gitxiagoz beteta bere balio arren. Zabaldu gendun bigundu nairik, baiño aen gauza gogorrik ez daiteke bigundu. Koltxoe deabru ak ez eukon barruan ezebe. Seska-ganean zabalduta, seska guziak nabarbentzen ziran, eta txerri argal argalaren bizkar-ezurra irudien. Eta koltxoe gose aren ganean, bere antzeko oazala; eneutson igerri ze koloretakua.

       Ogea eginda illundutakoan esan eustan:

       «Lazaro, belu dok, eta emetik zeiara bidealdi andia yagok. Uri onetan bere lapur asko ebizak gabez lapurretan. Al gogun lez igaro dagigun, eta biar eguntzean, Jainkoak lagunduko euskuk. Ni bakarrik nagolako enegok yanez ornidurik. Egunokaz kanpotik yan ddoat, baiña aurrerakoan beste eraz yokatu bear ddoagu».

       «Jauna, esan neban, nigaitik bego nasai berori, oiturik nago gau bat eta geiago yan barik geratzen».

       «Luzarogo ta osasun obeaz biziko az, erantzun eustan. Eztok bada gaur egunean, luzaro bizitzeko, gitxi yatea lako biderik».

       «Olan ba da, esan neban, enok ilgo sekula. Nik yan-neurri au nai ta ez erabilten ddoat beti, ta zoritxarrez erabiliko bere bai, bizi guztian».

       Eta etzun zan, bururkotzat galtzak eta yipoea ebazala. Bere oiñetan etzuteko agindu eustan. Baña eneban lo txarra egin! oge-seskak eta nire azur zorrotzak gau guztian esarre berotan egon ziran. Nire lan, gaitz eta goseaz, eneukon libra bat aragi, ta gañera, egun atan aen gitxi yanda, goseak amorratzen nengoan eta gosea ez da loaren adiskide. Neure buruari birao ta birao yardu neban gabez, Yainkoak parka begit, eta baita nire zoritxarrari bere; ta okerrago dana, mugitzen enintzan azartzen a ez irazartzeagaitik. Askotan eskatu neutson eriotza Yainkoari.

       Biamonean yagita asi zan galtzak eta yipoea ta soingaña ta kapea iñarrosten. Nik laguntzen neutson. Yantzi zan astiro astiro, bere gogara. Esku-ura yaurti neutson orraztu zan, eta gerrontzean ezpata esegi bitartean esan eustan:

       «Bai iakik, mutil, ze gauza dan au! Munduan dan urredirugaitik enokek emongo. Antoniok egindakorik bere, eztok onek baizen galtzairua gai daukonik».

       Eta zorrotik atarata atzakaz aztertu eban, iñoala:

       «Begirok, itz emoten ddoat ule-malo bat ebagiko dodala beregaz. Eta nik esan neban nire artean: bai nik ere nire agiñakaz, galtzairu ez izan arren, lau librako ogi bat».

       Sartu eban atzera ta gerriratu eban, eta baita gerrontzearen buxtar-xorta bat bere. Ta ibillera astitsuaz, gorputza zurrun, gorputz-buruai ganoraz eragiten eutsela, kapa-muturra lepo-gañera nai besapera yaurtiz, eta eskuma saietsean, atetik urten eban, iñoala:

       «Lazaro, zaindu egik etxea, ni mezetara bitartean, eta ogea egik, eta pitxarragaz oa emen azpiko ibaira, ta giltzaz atea itxi egik iñok ezer ostu ez dagian, eta gorde egik emen ate-orpo-ondoan, ni bitartean etorten banaz, sartu nadin».

       Ta ba doa kalea gora, bai aurpegiz ta ganoraz; ezagutzen ez ebanak usteko eban Alarcos kondearen aide urkoa zala, edo beintzat yantzi-laguntzailea.

       «Yaungoiko laztana, esan neban, zuk ekarri gaitza ta zeuk emon osasuna! Nori idurituko yakon nire nagosi au ain pozik ikusita, bart apaldu ez ebanik oge onean lo egin ez ebanik, eta goiz izan arren ondo gosaldu eztabenik? Gauz izkutuak egiten dozuz, yauna, ta jenteak ez dakiz! Alako tankerak eta yazkereak nor ez itsutu? Nok uste gizaseme a atzo egun osoan yan barik egon zala, Lazaro otseiñak kolkoan egun eta gau osoaz erabili eban ogi-puska —ez garbi garbia— yanda? Gaur ostera, aurpegia txukatzeko, esku-oial ordez yantzi-ertza erabilli ddabela. Eleukio iñori gogoak emongo. Yauna, yauna, zenbat olako ete dabiz mundu zabalean, dalako izen on baltz orregaitik yasaten, zugaitik yasango eleukiena!».

       Olan nengoan ate-ondoan, gauzok eta beste asdo gomutetan, nire nagosi yaunak kale luze estua igaro eban arte. Ta igaro ebaneko, sartu nintzan etxera barriro, ta Jesus baten irauli neban guztia goi ta be, ezer atrapau barik, ez egoan da. Oge baltza astindu neban, eta pitxarra artuta banoa ibaira. An ikusi neban nagosia andra zomorro bigaz itaunka. Ni aza-zurten batzuk yaten niarduen gosaritako, ta ardura andiz otsein barria lez, etxera itzuli nintzan, nagosiak ikusten enindula. Etxe-zatiren bat isasteko asmua neban, baño eneban aurkitu zegaz. Zer egingo egon nintzan alditxu baten, nagosiari eguerdira arte itxedongo  ete neutson edo, ordurako zerbait yateko ekarriko ete eban; baiña alperrik izan zan nire egona.

       Ordu biak zirala ta ez etorrala ikustean, itxi neban giltzez atea, ta giltza itzi neban ak esan-lekuan, eta banoa neure bearrera. Mintzo apal argalaz, eskuak butarretara baturik Yainkoa neure begien aurrean eta miña aren izenean neukozala, eske asi nintzan aterik eta etxerik andienetan. Bizibide au bularragaz edoski bai neban —au da, itsu irakasle andiagandik ikasi— ta ainbesteko ikaslea atara nintzan. Erri onetan maitasun gitxi ta ez-urtea izanik bere, lauretarako beste ainbeste libra ogi iruntsiteko alderdia egin neban, eta beste bi ta geiago kolkoan eta mauketan. yo neban ostatura ta tripategi betetik igarotzean eskatu neutson andra aetako bati ta bei-atzazal zati bat emon eustan tripaki egosi apur batzukaz.

       Etxera nintzanean an egoan nire nagosi ona, kapea arri-aulkian bilduta, bera etxe-zelaiean arantz-onantza. Sartzean etorri yatan. Agiraka artuko nindula uste neban, baiño, Yainkoak obeto egin eban.

       «Nundik ator» itaundu eustan, eta erantzun neutson:

       «Yauna, ordu biak arte emen egon nozu, ta berori ez etorrala ikustean, ortik uritik yoan naz jente on batzuekana eske, ta aon zer emon deusteen».

       Erakutsi neutsozan magalean nekazan ogi ta tripakiak, eta aurpegi onez esan eban:

       «Ire begira egon nok bazkaritarako, ta ez atorrala ta, bazkaldu egin yoat. I ostea gizon yatorra lez yokatu az, oba dok bada. Yainkoarren eskatu, ostu baiño. Berak lagundu begit, ori ondo iduri yatalako. Auxe eskatuko yoat, arren, ez dagiela yakin neugaz bizi azanik, nire izen onagaitik. Alan bere, uri onetan ezezaguna nok eta ez al dok entzute ori zabalduko».

       «Ez ardura izan nagosi, ezteust iñok itanduko ta eztaukot iñori esan bearrik».

       «Orain bada yan egik gizagaxo orrek, Yainkoak gura ba dau, laster gozak premi barik. Baiña, esango ddoat, etxe ontan sartu ezketiño etxoat gauz onik ikusi. Solairu txarra ei dok. Ba dozak zoritxarreko etxeak eta oin txarrekoak; euretan bizi diranai zoritxarra itsasten deutsenak. Au edo dok bat; baiña agintzen ddoat, illa bete ezkero, enazala bertan geratuko, yaube egiten ba naue bere».

       Yezarri nintzan aulki-ertzean eta atsaldekoa gorde egin neban, saloberitzat artu ez negin. Asi naz bada aparitan, nire tripei ta ogiari aginka, ta azpitik begiratzen neutson nagosi gizagaxuari, ta ak ez eban begirik kentzen, nire magaletik: magala neban orduko platerea. Yainkoa erruki bedi nitaz, ni ataz erruki nintzan lez; ak barruan eukona nik bere euki neban, eta askotan, egunero sentizen neban. Yaten eskeñiko ete neutson nengoan, baiña yan ebala esan eustan da, bildur nintzan ondo artuko ez ete eban. Atzenik, gura neban gizagaxo ak niri lagundutea bearrean eta gosaldu egiala, egunez aurretik egin ebanez, ba egoan bada yaki oberik, eta nire gosea etzan aen andia.

       Yainkoak neure guraria bete eban, baita arena bere, uste dodanez. Yaten asi nintzanean bada, ta bera arantza ta onantza, eldu zan nigana ta esan eustan:

       «Egundo etxoat ikusi, Lazaro, yaten ik lako ganorea daben gizonik. Iñok ez au ikusiko yaten, yan-gurea sentidu barik, len ezpaleuko bere».

       Esan neban nire artean: ik daukokanak iduriazoten deusk nirea ederra dala.

       Alan bere, laguntzea erabagi neban, bera asi zan ezkero, ta bide emoten eustan ezkero. Ta esan neutson:

       Yauna: aukera onak egiten dau biargiñ ona. Ogi au goxo goxoa dago, ta bei-atzazal au guztiz ederto egosia ta ondua; daukon aogoxoz edonor zirikatzeko modukoa.

       «Bei atzazala da?».

       «Bai yauna».

       «Munduan dan aamenik goxoena dok, eta eztok olako faisanik niretzako.

       «Aztertu begi bada zelakoa dagon, yauna».

       Atzazaletan ipiñi neutson bestea ta iru edo lau ogi-zati txurienetikoak. Nire ondoan yezarrita asi zan yaten yan-gurea bai leukon, azur bakotxa marrasketan, bere txakurrik onenak baiño obeto.

       «Almodroteagaz dok au bere biziko yanaria», esan eban.

       «Bazi obeagaz yaten dok ik» esan neban ixilik.

       «Ezer yan ezpaneu baizen  goxoa iduri yatak».

       «Ori egia dan baizen urte onak etorriko al dozak», esan neban nirekiko.

       Eskatu eustan ur-pitxarra ta emon neutson ekarri neban lez. Ez bide eban izan ganez nire nagosiak yanaria: urik etxakon palta-ta. Edan gendun eta ogera yoan giñan pozik aurreko egunean lez.

       Ez luzatzearren, olan bizi izan giñan zortzi edo amar egunez. Bera goizero yoaten zan esaniko ganoreaz aizea iruntsiten, Lazaro gizagaxua otso-burutzat ebala.

       Nire zoritxarragaz gogoetan nengoan sarri, nagosi zitalengandik aldeginda oba billa nenbillela, olakoaren menpean gertatu-bearra. Arek niri emon ordez nik ari yaten emon bear. Au ta guzti bere maite neban, besterik ez ebalako ta ezin ebalako; ta eneukion gorrotorik, urrukia baiño. Ta askotan gosea igaroten neban, arentzat ostatura zerbait eroateagaitik.

       Goiz baten yagita ator-utsean igon eban etxe goienera bere bearra egitera, ta bitartean iduritua kentzearren arakatu neutsozan bururkotzat zeuzkon yipoea ta prakak, eta terziopelozko toxa bat aurkitu neutson izur izur egiña, ez txuri, ta aspaldian egondako zantzu be barik.

       «Gizagaxu au beartsua dok, niñoan, eta eztabenak ezin emon; baiña itsu zikoitz ak eta zorigaiztoko abade zurkaitz ak goseak ilten ninduen, Yainkoak biei emonda bere: batari jenteak eskuan muñ eginda, besteari miña zolia ebalako. Bidezko da bada, nik eurek gorrotatzea ta oneri urruki izatea».

       Yainkoak ondo daki, ezkutari a lako bategaz topo egiten dodanean, ze tamalgarri yatan alako ibillera andikiz ikusita, ak beste larrialdi al dabela pentsatzeaz. Gurago neuke aren otsein izan, beartsu ta guzti bere, beste areena baiño, esan dodanez. Zertxu bat eban, niri atsegiten ez eustana: aen buru-eretxia izatea. Bere arrotasuna beeratu egiela, premiña goratzen zan giñoan. Baiña olango gizonen artean ekandu yakiña edo da ori. Txuri garaurik ez izan arren, kapelua bere lekuan euki gura dabe. Yainkoak ondu begi, onozkero gaitz ontatik ilgo dira-ta.

       Olako biziera neroiala, ni paketan izten enindun zoritxarrak egin eban, nik etxe zarpail lotsagarri atan ez irautea. Urte a ezurtea zan ogitan, eta udalak erabagi eban arrotz guztiak uritik alderagitea. Aldarrika zabaldu zan, andik aurrera urian topetan ebena, zigortu egiela. Ta lau egun buru ikusi neban, izan bere, eskale-sail bat kalerik kale, legearen menbean. Ikaratu nintzan lartxu be, ta enintzan geiago eskatzen azartu. Ikustekoa zan noski nire etxeko yan-bagea ta etxekoen tamala ta isiltasuna. Bi edo iru egunez ezer yan barik eta tutik itzegin barik egon giñan. Gure alboan bizi ziran andratxu irule ta kapelagille ezagun batzuk emon eusten niri bizitza. Areei ekarten eutseen apurretik emoten eusteen niri zerbait, eta gose gose geratzen nintzan.

       Ta neure buruaz baiño urrukiago nintzan nire nagosi gaxoaz, zortzi egunez ez eban ezer agora eroan-da. Etxean beintzat, ondo egon giñan yan barik. Nik eztakit nondik ebillen  eta zer yaten eban. Eta eguerdian kalea bera etorten ikusi, txakur xarlango yatorra biño gorputz luzeagoaz! Eta dalako izen on baltz orregaitik lasto izpitxu bat artuta, etxean asko ezpaegoan bere, urteten eban etxetik agiñai zirika, ez tartean zerbai eukolako. Ta etxe zarragaitik atx egiñez iñoan:

       Etxe onen zoritxarra edo dok. Illuna ta tristea dok. Emen gagozan arte amaika ikusi bear yoagu. Amaituko al dok illebete au, ortatik urten dagigun.

       Lorraldi ta larrialdi gose ontan gengozala, egun batez, eztakit zori onez ala txarrez, nire nagosia erreal baten yaube egin zan. Pozez txoratuta etxera zan. Veneciako ondasuna aurkitu bai leban, eta aurpegi alai ta barretsuaz emon eustan, iñoala: «Toik Lazaro, Yainkoa eskua zabaltzen asi yakuk. Oa zeiara ta erosi egik ogia, ardaua ta okelea. Busti dagigun! Yakik ganera, poztu aitean, beste etxe bat topau ddoatala alogeretan, eta oraingo zarpail ontatik aldegin bear ddoagu illa betetakoan. Zorigaiztokoa bera, ta bertan lelengo teila ipiñi ebana:gaiztoz sartu bedi! Yainkoarren, bertan bizi nazanetik etxoat okel-aamenik, ez edan ardauri, ez izan atsedenik. Eta zer aurpegi latza ta illuna daukon! Yoan-etorri egik arin, eta yan dagigun gaur kondeak lez».

       Banoa nire erreala ta pitxarra artuta, ta arin-aringa asten naz kalea gora, zeiarantza, poz eta alai. Baña, zer aurreratzen da, nire zoritxarrean ba dago, ona gaitz barik ez etortea? Ta ala yazo zan. Kalea gora niñoaiala diru a zetan obeto eralgi negiken kontuak ataraten, nire nagosiari dirua emon eutsolako Yainkoari eskerrak egiten, ustekabean gorpu bat ekarren zerraldoan kalea bera abade ta jenteak. Areei leku iztearren orma-ondora baztertu nintzan, eta gorpuaren atzetik yoian emakuma bat, ildakoaren emaztea bide zan, baltzez yantzia, beste emakuma batzuen artean negarrez ta deadarka iñoala:

       «Nire senar yauna, nora zaroaze? Etxe illun zorigaiztokora, etxe baltz illunera, ez yan ez edan egiten ez dan etxera?». Au entzutean zerua lurragaz bat egin yatan eta esan neban:

       «Nire zorigaitza! geure etxera darioie gorpu ori».

       Itzi neban nire bidea, ta jente artetik zulo egiñez itzultzen naz kalea bera karraka alegiñetan etxeraño. Sartuta itxi neban atea presaka, nagosiari laguntza-eske besarka, ta, arren, etorri eiela atea gordetera. Nagosiak, beste zerbait zalakoan ikara-antzean esan eustan:

       «Zer dok ori mutil, deadarka? Zergaitik ixten dok atea olako zarataz?».

       «Yauna, esan neutson, beton ona, gorpu bat dakarre-ta!».

       «Bai ete» erantzun eban.

       «Or goien aurkitu dodaz, eta zanaren andreak iñoan: "Senar yauna, nora zaroaze?" Etxe illun baltzera, triste ta zorigaiztokora, ezer yaten ez edaten eztabenera! Emen dakarre, yauna!».

       Nagosiak ori entzutean, gogo andi barik be, barreari gogoz ekin eutson, eta luzaro itzegin eziñik geratu zan. Bitartean atea morrolloa emon da neukon, eta lepoagaz eusten neutson obeto gordetearren. Igaro zan jentea gorpuagaz, eta oindiño bere, idurituakaz nengoan etxean sartuko ete euskuen. Eta yanariz baiño barre egitez beteago egoanean, esan eustan nire nagosi onak:

       «Egia dok, Lazaro, alargunak iñoanez ordo pentsatu dok, baiño Yainkoak obeto egin ddok eta ddoazak aurrera. Idiki, idiki, ta oa yateko-billa».

       «Itzi egiezu, yauna, doazela aurrera kalea igaro arte», esan neutson.

       Atzenik etorri zan nagosia atal-ondora ta zabaldu eban indarka, ba eban indar-bearra nire bildurra ta estualdiagatik, eta bidean ipiñi nindun. Egun atan ondo yan gendun, baiña ez eustan yanak on andirik egiten. Iru egun areetan etxatan kolorea etorri. Nagosia ostera, barreka nire burutapena gomuta-aldioro.

       Olan bizi izan nintzan irugarren nagosi txiro onegaz egun batzutan, zetara etorri zan eta zer asmu eban, beti yakin guraz. Aren menbean yarri nintzanetik ezagutu neban arrotza zala, bertakoen ezaguera apurra ebalako.

       Noizpait bete zan nere guraria ta yakin neban gura nebana. Ondotxu bazkaldu gendun egun batez, bera alaitxu egoala, emon eustan zituan ondasunen barri, ta Gaztela Zarrekoa zala esan eustan, eta auzoko zaldun baten aurrean kapela ez arazteagaitik bakarragaitik itzi ebala bere erria.

       «Yauna, esan neutson, zalduna ba zan eta zuk baiño geiago dabena, ez al zendun oker egiten zuk aurrena ez eraztean? berak ere erazten eutsula esan dozu ta».

       «Alan dok, eta ba ddok, ta berak bere erazten ioan baiña nik ainbeste bider aurrena erazten naieuan ezkeroz, etzoan gauz andia berak niri bein aurrea artzea».

       «Ni enintzokek orren begira egongo, uste ddoat, batez bere ni baiño aundigoakaz eta aberatsagoakaz».

       «Gaztetxua az, erantzun eustan, eta ezteusk miñik emoten izen ona galtzeak: ortan ddagok bada gaur eguneko gizon ondrauen izate guztia. Ba ddakik ni ezkutaria nokala; baiña kondea kalean topetan ba ddoat eta kapela kendu-kendu egiten ezpadau nire aurrean, barriro etorten ba da, sartuko nok etxeen batean zeregiñen bat bai neu, edo beste kalea zear yoango nok baldin ba da, nire ondoratu baiño len, nik neurea ez eraztearren. Aitonen seme batek ezeutsok zorrik Yainkoari ta erregeari baiño; ta eztok bidezko gizona nobera ba ba, bere buruaren ardurea lipar batean iztea».

       Beiñola nire errian opizial bat itsusitu ñoan eta yoten zematu ñoan, aurkitu aldioro, «Mantenga Dios a Vuesa Merced», esaten eustian-da.

       Nik esan neutsoan: «I, erritar gizatxarra, zegaitik az aen gaizki-azia?». «Manténgaos Dios», esan bear deustak edonor bai nintzan.

       Andik aurrera nun-nai erazten eustan kapela, ta bear dan lez itzegiten eustan.

       Ta ez al da agur egite ona «Manténgaos Dios», esatea? esan neban.

       «Ez zoritxarrez esan eban. Ganora gitxiko gizonai esaten yeutsek ori; baña ni lako goi-mallakoari etxakok esan bear gitxigorik: "Beso las manos de Vuestra merced", edo beintzat, "bésos, señor, las manos", itzegiten deustana zalduna ba da. Alan bada, mantenimentuz ok eragiten eustan nire erritar a, iñoan ikusi gura, ta etxoat nunduan parkatuko, erregez beetik "Manténgaos Dios" esaten deustan iñori».

       «Ene gizagaxua, esan neban, orregaitik ezeutsok ardura Yainkoari ire bizikaiaz, iñok Ari eskatzerik ezin eroan dok eta».

       «Batez bere enok aen txiroa», esan eban. Ba ddoat errian etxe-sail bat; zutunik balegoz etxeak eta ondo landuak eta nire erritik amasei legoa bidean balegoz, Valladolid'ko aldats-kale atan, balioko leukezek berreun milla marabiri ta koska. Ba ddoat usategi bat bere, yausita ezbalego dagoan lez, emongo leukezek urtero berreun usakume ta geiago. Ta olango beste gauz asko esan eustazan nire izen ona arren ixiltzen dodazanak.

       Etorri nintzan uri onetara egonarri ona aurkituko nebalakoan, baiño oker yazo yat. Kanonigu ta eleiz-gizon asko aurkitu dodaz, baiña nundu guztiak euren pausutik atarako eztabezan kokoloak dira. Erdi-merdiko zaldunak bere artu gura naue, baiña euren otsein izatea neke da. Gizon izan da karta-gaizto biurtu bearra dago olakoakaz; ostera «aldegizu Yainkoarren» esaten deutsue. Ta geienez epetan ordaintzen deutsue otsein-saria ta seguruago, yana sari-ordez.

       Eta bizimodua zuzendu gura dabenean, eta iñoren izerdiak ordaindu, yipoe izerditsu bat edo kapa murriztu bat emongo deutsue. Nobera tituludunaren menbean yarri ezkero, nonbait or igaroten dau bere zoritxarra. Ez al dot nik ganorarik oneen otsein izateko? Olako bategaz topo egingo baneu. Yaugoikoa! bere kutuna ninduke ta ondo serbituko neuskio. Iñok beste guzur esango neuskio, ta atsegin egingo neuskio bene benetan.

       Barre egiten neutson bere ataraldi ta ekanduakaitik, munduan ziran obeenak izan ez arren. Ez esaten iñoz, miñ emon leikionik, egoki balitzaio bere. Zintzoa izan itzez ta egitez, beragaz. Ez estutu, berak ikusiko ez ebazan gauzak ondo ez eginda. Menpekoai agiraka egin, arek entzuela, aren gauzetaz ardura ba neuko lez. Otsein bati agiraka egitean, neuronek zirikatu, aserreagotu edin, eta errudunaren alde egiña irudi egien. Ondo esan ondo egokionagaitik, eta osterantzean maltzurra izan; maixiotzalea izan; etxekoekaitik eta kanpokoakaitik barritxukerian yardun; iñoren bizitzaz zer-atera ibili, auzoan zabaltzeko; ta olango barregaiak erein, yauregietan eta andiki artean oi dan lez. Eztabe etxean ikusi-gura gizon presturik, gorroto deutse ta zorotzat daukoze ta ezertakotzat, eta ez dirala garatz-gizonak, eta nagosia ardurabaga egon daiteken nodukoak. Olakoekaz, mutil zuurrak, nik egingo neukena egiten dabe, baña nere zoriak eztau gura nik aurkitzerik.

       Nire nagosiak bere, tamalez kontetan eban bere zoritxarra, gertatu yakona niri eralgiz.

       Onela gengozala, gizon bat eta atso bat sartu ziran atetik. Gizonak etxea eskatu eutson alogeretan, eta atsoak ogea. Itzbatu ziran bi  ilabetetako ta euretan lortu eban urte osoan lortu ez egikena. Amabi amairu erreal izan ziran. Eta erantzun ona emon eutsen: yoango zala zeiara, biko diru bat truketan, eta arrasteian etorteko; baiña aren yoanak ez eban izan etorterik. Itzuli ziran eurak arrasteian, baiña belu. Nik esan neutsen, etzala etorri, Illuntzean etorten ez ta, ni etxean bakarrik geratzeko bildurrez, auzo-andreetara yoan nintzan eta kontatu neutsen, eta an lo egin neban.

       Goizean artzedunak etorri ziran itaunka, baiña beste atera. Emakumeak erantzun eutseen.

       «Emen da aren otseiña ta etxeko giltza».

       Itaundu eusten beragaz, eta esan neutsen enekiala non egoan, eta etzala etorri etxera dirua truketan yoan zanetik, eta beragaz aldegin edo ebala.

       Au entzunda yoan ziran amabiaren eta iskribauaren billa. Ta ara nun datozan. Artzen dabe giltza, deitzen nabe, ta deitzen dabez testiguak, idigiten dabe atea, ta sartzen dira nire nagosiaren ondasunen baitura egiten, zorra ordaindu egian arte.

       Etxe osoa arakatu eben, eta esan dodan lez utsik aurkitu eben, eta esan eusteen:

       Nun dira zure nagosiaren ondasunak, aren kutxak eta orma-eunak eta etxeko bitxiak?

       «Nik eztakit», erantzun neban. Iñolaz bere, esan eben eurek, gabez izkutau ta eroan ei dabez norabait. Amabi yauna, eldu eutsozu mutil oneri, onek daki nun dagoan-da.

       Urreratu yatan amabia ta zama-ondotik eldu eustan, iñoala:

       «Mutill, preso az, nagosiaren ondasunak agertzen ezpadozak».

       Ni, neure burua sekula baiño larriago ikusita, bildurtu nintzan guztiz, eta negarrez agindu nuetson esango nebala. (Zamatik askotan eldu izan eusteen, baiña astiro, itsuari bidea erakusteko). «Ondo da, esan eusteen. Esaik dakikan guztia, ta ez bildur izan».

       Yezarri zan iskribaua arri-aulki batean, eukonaren zerrenda egiteko, zer eban itaunka.

       «Yaunak, esan neban, nire nagosiak dabena, berak esan eustanez, etxe-sail bat ona, lurrera yausia, ta usategi bat, yausia a bere».

       «Ondo da, esan eben. Gitxi balio ta bere, zorra zuritzeko beste ba da. Ta urian norantza dago ori?» itaundu eusteen.

       «Aren errian», esan neutsen.

       «Etxagok alderdi txarra, esan eben. Eta zer erri da ori?».

       «Gaztela Zarrekoa zala esan eustan».

       Barre egin eben gogoz amabiak eta iskribauak, iñoela: Naikoa dok ik esana, zuen zorra kobretako, andigoa balitz bere.

       Alboan egozan auzo-andreak esan eben: «Yaunak, mutiko gizagaxu bat da au. Egun gitxi da ezkutariagaz bizi dala, ta eztaki aren barri, berok baiño geiago. Gizagaxoa, gure etxera dator eta yaten emoten deutsogu Yainkoarren, dogunetik, eta gabez arengana yoaten da lotara».

       Nire errugabea ikusita, nire eskuko itzi ninduen. Amabiak eta iskribauak eskatzen deutse senar-emazteai bidezko saria. Zarata andia atara eben eztabaidagaz. Eurek iñoen, etzegozala pagetan bearturik, ez egoala zegaz ordaindu, ta ez zala baikuntzarik egiten. Besteak iñoen garrantzi andigoko arazo batera yoateari itzita etorri zirala.

       Atzenik, oiu andiak egin-ostean amabiaren mutilak soiñean artu eban atsoaren burusi zar bat. Ez yoian oso zamaztua. Ba yoiazan bostak oiuka. Eztakit zer yazo zan. Burusi gaixoak pagatuko eban guztien ordez. Ta ondo erabilia egoan; bada, lengo lenetatik itxedon bitartean bere, alogeretan ebillen.

       Esan dodan lez itzi nindun irugarren nagosi gaixo ak, eta an ezagutu neban osotara nire zori txarra. Nire aurka nagosiak alegiñak eginda bere, eneban nik a itzi, beste mutilak euren nagosiakaz egin oi dabenez; berak itzi nindun ni ta, iges egin eustan.

 

 

LAUGARREN YARDUNA

Lazarori Mercedtar praille baten menbean yazo yakona

 

       Laugarren nagosi billa ibillita, mercedko praille bat aurkitu neban, korurako ta komentu-barruan yateko gogo gitxikoa, kanpotik ibilteko amorratua; prakadunek bisitetako irrikaz betea. Komentu guztikoak baiño zapata geiago apurtzen bide eban berak bakarrik. Onek emon eustazan neure bizian ausi nebazan aurrenengo zapatak. Baiña ez eusteen iraun zortzi egun. Nik bere ezin iraun izan neban geiago aren lasterketagaz. Augaitik, eta ixiltzen dodazan beste zerbatzukaitik, aldegin neban arengandik.

 

 

BOSKARREN YARDUNA

Lazarori bulda-saltzaile baten menbean yazo yakona

 

       Boskarren nagosia, bulda-saltzaile ba izan neban; nik ikusi dodan eta ikusiko dodan, eta iñok ikusi daben bulda-saltzailerik nabarbenena ta lotsabakoena, iñon diran bideak eta moduak eta asmakeri zorrotzak ba, ebazan atarako.

       Buldea sartu nai eban errietan, aurrena beste ezerezkeri batzuk erakusten eutsezan abadeai: Murciako ur-aza bat edo, garai zanean, limoe, laranja, mertxika, orri-gerezi, madari pare bana edo. Olan erakarten ebazan bere irabazpiderako, ta eliztarrak buldea artzera deitu zegizen.

       Eskerrak omoten eutsoezanean, euren yakintzaren barri artzen eban. Ulertuten ez ebela autorten ba eben, ez eban itzik egiten latiñez, ez utsegitearren. Orduan gaztelera txukun, ondo ebagia eban, min labanagaz. Eta abade areik «Reverendo» zirala, au da, yakitez ez baiño diruz abade egin zirala yakiten ebanean, Santo Tomás bai litzan, bi orduz latiñ-izketan iarduen. Alan idurian, beinzat, alan ez ba zan bere. Onez buldeak artzen ez eutsoezanean, gaiztoz arrarazoten eutsoezan. Atarako erria aspertzen eban batzuetan, eta besteetan azpikeriz iarduen. Egunero egiten ebazan maltzurkeriak azalduteak, luze yoko leuke ta, bat atarako dot zorrotza ta barreikaria, ze gizon argia zan erakusteko.

       Toledoko Sagrako erri baten, bi edo iru egunez egon zan, oi eban lez, buldearen ontasuna adiarazoten; eta ez eutson iñok artu, ta ez artzeko asmurik bere. Amorratuta egoan, zer egingo ote eban, eta gogoak emon eutson, erri osoa batutea biamonerako, buldea zabalduteko.

       Gau atan apal-ostean, apari-ostekoa yokatzen asi ziran aguazilla ta biak. yokoan asarratu ziran eta gaizki-esaka asi. Aguazillari «lapurra» esan eutson, eta besteak ari «guzurtia». Orduan nire yaun bialduak, yoko-lekuan egoan asta-makil bat artu eban. Aguazillak gerrontzeko ezpatara eroan eban eskua.

       Guztion oiu ta zarata zala bide, gugana egin eben arrotzak eta auzokoak, tartean sarzen zirala. Ta areik, guztiz asarre, erdikoekandik askatu egin gura eben, alkar ilteko. Baiña, alango zarata-otsera etxea bete jente batu zan eta alkar armaz ezin zauritu ebela ikustean, iraunka asi ziran. Aguazillak nire nagosiari, guzurtia zala, ta guzur-buldeak ekazala ta iragarten ebazala.

       Atzenik, erritarrak, eurekaz bake-biderik ikusten ez ta, aguazilla ostatutik beste norabait eroatea erabagi eben. Eta olan geratu zan nire nagosia, guztiz asarre. Ta arrotzak eta auzotarrak, adiskidetzeko, ta lotara yoateko esan eutsoenean, yoan zan, eta baita osterantzekoak bere.

       Biamonean, nire nagosia Eleizara doa, ta kanpaiak yo-erazo ebezan mezatarako ta buldea zabaltzeko. Batu zan erria, ta marmarka iarduen guzur-buldeak zirala, ta aguazillak berak agertu ebala asarraldian. Len artzeko gogo txarra ba eukeen, orain osotara itzi eben.

       Bulda-dunak igon eban arratzaldera (kurpitura) ta asi eban itzaldia jenteari eragin-guraz, ainbeste ondasun eta parkapen ekarren bulda-santua artu-barik ez geratzeko.

       Itzaldian beroena iarduela, sartzen da aguazilla Eleizatetik, eta otoiz laburra eginda yagi zan eta abots zoliagaz, astiro esaten asi zan zuurki.

       «Gizonak entzun eustazue itz bat, gero entzungo deutsozue gura dozuenari. Ni, orrako sermoegille guzurti orregaz etorri nintzan ona. Azpitik esan eustan, lagundu negiola bizibide ontan, eta irabaziaren erdia emongo eustala. Orain dakust nire arimeari ta zuen ondasunari egingo neuskion kaltea, ta egiñaz damuturik, agertzen deutsuet, zabaltzen diarduen bulda orreik guzurrezkoak dirala, ta ez ziñisteko ta ez artzeko, eta nik ez dodala ez zuzen eta ez zear euretan zeregiñik, eta oraintxetik zigorra lurrean izten dot. Ta nozbait, guzur oneikaitik ori zigortuko balebe, izan zadize testigu, enagola orregaz, eta ezteutsodala lagunduten; ostera azaltzen dodala argi, orren gaiztakeria». Ta amaitu eban itzaldia.

       An egozan gizon prestu batzuk jagi gura izan eben, eta aguazilla Eleizatik yaurti, zaratea ixildutearren. baña nire nagosiak aren alde urten eban, eta agindu eutsen, eskomikuaren azpian, ez galazoteko; zer-gura esaten itzi egioela. Berau ere ixilik egon zan aguazillak amaitu arte.

       Ixildu zanean, nire nagosiak itandu eutson, ia beste zer-esanik bai ete eban.

       Aguazillak esan eban: «Zer esanik ba dago oindiño zugaitik eta zure guzurrekaitik; baño oraingoz asko da».

       Bulda-zabaltzailea balaunikatu zan kurpituan apur baten, eta zerura begira esan eban:

       «Yauna, zeuri etxatzu ezer izkutu, gauza guztiak agerian dozuz. Eziñik ez da zuretzat, eta guztiak egikizun. Zuk dakizu egia, ta zein bide-bagez iraundu naben. Niri dagokidanez, parketan deutsot, zeuk bere parkatu dagidazun. Ez begira, zer egiten eta zer esaten daben eztakianari; zeuri egindako bidebagea baiño. Arren eta arren ez estaldu, zuzentasunagaitik, bada emen dagonen batek, aren itzak entzunda, bear ba da ez eban bulda santua artuko, aren guzurrak siñistuta. Eta lagun urkoari olango kaltea yatorkon ezkero, arren, yauna, ez itzi agertu baga. Egizu mirari bat, eta au bedi: orrek diñoana egia ba da, ta nik diñodana gezurra, kurpitu au lurrera bedi, ta ondatu bedi nagaz zazpi giza-bete, egundo andik atarako enazan moduan. Eta diñodana egia  ba da, ta orrek oker ba diño, deabruak eraginda, emen dagozanai olango ondasuna galazotearren, zigortua izan bedi ori bere, guziok ikusi dagikeen moduan».

       Nire nagosi yainkotiak otoitza amaitu ebaneko, aguazil baltza yausi egin zan lurrera, egoan tokian, eta artu eban kolpeagaz, Eleiza guztian atara eban egundoko zarata. Asi zan orruka ta bitsa eriola, agoa okertuz eta kiñuka ta siñuka, eskukadaka ta ostikadaka ara ta ona lurrean iraulten zala.

       Jentearan oiu ta iskanbillaz ez eban alkar entzuten. Zenbait, ikara lauorrian egozan. Batzuk iñoen: «Yaunak lagundu begio». Beste batzuk: Ondo irabazia dauko guzur-testigu izan da ta.

       Atzenik, an egozan batzuk, «naiko bildurragaz» urreratu yakozan eta eldu eutsoen besoetatik. Berak albokoai ukabilkada onak emoten eutsezan. Beste batzuk anketatik eldu eutsoen gogor, alako mando billau ostikolaririk munduan ez da azaldu-ta. Olan euki eben luzaro. Amabost gizon baiño geiago ba egozan aren ganetik eta guztiei eskuak bete lan emoten eutsen, eta ernai ezpaegozan, ezpanetan.

       Bitartean, nire nagosi yauna kurpituan egoan belaunika, esku-begiak zerurantza, Yainkoaren izatean murgildurik. Eleizako zarata andia ta negarra ta oiuak etziran gai a Jainkoa ikustetik bereizteko.

       Gizon prestu areik urreratu yakozan eta oiuka iratzarri eben eta eskatu eutsoen, arren, ilten egoan gaixo ari laguntz emoteko, ta ez yaramon egiteko yazorikoai, ta aren txarto esanai, ordaiña artu ebala ta; baiña iñola bere al ba eban, atara egiala zoritxar eta oñaze areitatik; ondo ikusirik eukiela aren errua ta beraren egia ta ontasuna, ta bera zala bide etzala yauna luzatu zigorra emoten.

       Bulda-saltzaile yaunak, lo gozo batetik iratzarri bailitzan, begiratu eutsen areei ta errudunari, ta inguruan egozanai esan eutsen astiro astiro.

       «Gizonak, etzeunkie otoitz egin bear Yainkoak aen argi ta garbi zigortu daben orren alde; baiña, gaizto ordez gaiztakeria ez ordaintzeko, ta iraunak parketako agintzen deuskun ezkero, uste onez eskatu dagiogun agintzen deuskuna betetako, ta Yainkoak parka begio fede santuari oztopo ipiñi deutson oni. Eskatu dagiogun guztiok».

       Orduan yatsi zan kurpitutik eta agindu eutsen otoitz egin egioela gogoz Yainkoari parka egiola pekatari ari ta osasuna ta sena biurtu egiozala ta deabrua yaurti egiola, alako pekatuagaitik aren barruan sartzen itzi ba eutson.

       Belaunikatu ziran guztiak, eta altara-aurrean asi ziran abadeakaz letania ixil-antza esaten. Eta nagosia kurutze ta ur bedeikatuagaz etorri zan, eta gaixoaren ganean kantatu-ostean beso-begiak zerurantza, begiak oso iraulirik txuri apur bat baino ageri ez ebala, asi eban otoiz luze ta samur bat. Jente guztiari negar eragin eutson, pasiñoko itzaldietan egin oi danez, sermoelaria ta entzuleak yainkotiak diranean. Eskatu eutson Yaunari, pekatariaren eriotza ez baiño, bizitza ta damua nai ebazan ezkero, barka egiola deabruak artuari, ta bizitza ta osasuna emon egiozala, damutu ta autortu edin.

       Au eginda ekarriazo eban buldea ta buruan ipini eutson. Ain sarri aguazil gizagajoa asi zan obatuten eta astiro bereganatzen. Eta kordea osotara etorri yakonean, yausi zan buldatzailearen oiñetara, ta parka-eske asi yakon, eta autortu eban, deabruaren agoz esan ebala, batetik, ari kalte egitearren eta apendua artzearren; bestetik, eta batez bere, deabruak damu artu egian, buldeak au egingo eban mesedeagaz.

       Nire nagosi yaunak parkatu eutson eta adiskidetu ziran biak. Eta buldea artzera egundoko presaz asi ziran senar-emazte seme-alaba, neska-mutil, arimarik geratu baga.

       Zabaldu zan yazokun au auzo-errietan, eta ara giñoiazanean etzan sermoe bearrik, ez Elizara yoan bearrik: ostatura bulda-eske, dubarik emoniko madariak bai liran. Onelan, amar amabi auzo-errietan saldu ebazan nire nagosiak millaka, sermoe barik.

       Itxura ori egin ebanean, neu bere ikaratu nintzan eta egitzat artu neban beste askok lez; baiña nagusi-aguazillen alkarrekiko irri-barrea ikustean, orduan ezagutu neban nire nagosiaren buru zolia bizibiderako.

       Gaztetxua izan arren, barre-gura andia emon eustan eta esan eban nire artean:

       Zenbat olako egiten ei dabe jente gaixoaren lepotik, guzurti oneik!

       Amaitzeko, lau ilabetetsu egon nintzan boskarren nagosi onegaz, naiko lan igaroten nebala.

 

 

SEIGARREN YARDUNA

Lazarori Kapillau baten menbean yazo yakona

 

       Onen urrena arrazko edo panderu-pintatzaile bategaz itzbatu nintzan, ari koloregaiak apurtzeko. Amaika ikusi neban onegaz bere.

       Ordurako azitxua nintzan-da, bein Eleiz-nagosian sartu nintzala, ango kapillau batek beretzat artu nindun.

       Lau asto, euren ur-zubillakaz eta zigor bat emon eustazan nire mende, ta urian ur-saltzen asi nintzan. Au izan zan ni bizitza onera igoteko lenen-mailla, agoa neurrizkoa neban da. Egunero ogetamar marabiri emoten neutsozan nagosiari, irabazitik, eta larunbatean niretzat irabazten neban, eta osterantzean aste-egunekoa ogetamar marabiri.

       Bizibide ontan, lau urtegarreneko diru-mordo bat aurreratu neban, yauntzi zarretik ondotxo yauzten nintzala. Erosi nebazan algodoe zarrezko jipoe bat, eta soñeko murriztu bat, beso edegi ta eskuzuloagaz, kapa igortzi bat, eta Cuellarko ezpata zar areetako bat. Neure burua gizon gisako ikusi nebanean, nagosiari astoa artu egiela esan neutson, enebala aurrera yarraitu gura bizibide a ta.

 

 

ZAZPIGARREN YARDUNA

Lazaro zori onaren gandorrean

 

       Neure burua ornidutxuago ikusi nebanetik, Salamanka-errira itzultzea erabagi neban, Tormes ibai-ertzera, yaio nintzan tokira. Yainkoak argi egin eustan, eta bide obean ipiñi ninduan, itsu kaskar-autsia nik argi-mutil-aurrean ipiñi neban baiño. Alango zorionik eneiken gura, ez amestu bere. Nok esan, nik isekaz osaba neritxon itsu gaizto a egizko osaba izango nebanik, eta ago betean gizagaxua beti betiko esango neutsonik?

       Olan yazo zan. Salamankan zear niñoiala, itsu zoliak totelkeritik atara nindun uri atan, egun batzukaz ostatu batera batu nintzan, eta an izan neban, itsuaren loba bat urian egoalako entzutea. Nire irakasle itsua zikoitz utsa zala esan bai gendun, kaltzerdi batzuen barruan dirutza andia itzita yoan ei zan mundu ontatik. Aurreragokorik ez ta, loba au egin eban zorioneko dirutzaren yaube. Alkar-ikustea egin gendun, eta itandu neutson itsuaren amaia zertzelada guztiekaz, eta neuk yalgi neutsozan egundoko ipuinak osaba zanaz. Atsegin artu edo eban nitaz, pitxarkadeaz ezaindutako aurpegi au arren, eta neuk bere atsegin artu neban aren aurpegi eder ederraz ezpada bere, gomutan neukozan urre-dobloeenaz.

       Ezkondu giñan, eta Lazaro zoriontsu bizi da bere eukiteaz, eta auzotarrak qq esaten deutsoe, beiñola nagosi aiton-seme ak beretzako gura eban lez. Eskaleak nire atea yoten dabienean, eskua zabal zabal agertzen deutset, lenagoko bizibideko izerdi-nekeen gomutaz. Aen gitxitatik igon neban zori onaren gandorrera.